Bidasoa Folk jaialdiak 25. edizioa ospatuko du Hendaian, Hondarribian eta Irunen asteburu honetan

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Bidasoa Folk jaialdiaren XXV. edizioa aurkeztu du, abuztuaren 21, 22 eta 23an Hendaian, Hondarribian eta Irunen egingo dena. Mende laurdena betetzen duen honetan, jaialdiak bere presentzia indartu nahi du eskualdean, tokiko zein kanpoko ikusleak udalerri batetik bestera igarotzera animatuz. Horretarako, iluntzeko ohiko kontzertuez gain, bestelako jarduerak ere txertatu dituzte egitarauan; esaterako, maiatzaren 7tik abuztuaren 23ra bitartean Bidasoko Interpretazio Zentroan (Irungo Iparralde hiribideko 63an) doan ikusgai dagoen erakusketa, jaialdiaren 25 edizioetako kartelak biltzen dituena.

Asteburu osorako plana

Egitaraua abuztuaren 21ean abiatuko da Hendaian. Arratsaldeko 16:30etik aurrera Kospeistar Orkestra Akitaniako taldeak herriko kaleak alaituko ditu, eta jarraian, 19:30ean, Seamus & Caoimhe bikotearen kontzertua izango da Gaztelu Zahar pilotalekuan.

Biharamunean, abuztuaren 22an, jaialdia Hondarribiko Arma Plazara lekualdatuko da bi emanaldi eskaintzeko. Arratsaldeko 20:30ean Julie Rouault igoko da agertokira, eta 21:30ean Maria Terremoto eta bere taldea arituko dira musika zuzenean eskaintzen.

Bidasoa Folk jaialdiari amaiera emateko, abuztuaren 23ko saioa Irunen egingo da, Junkaleko plazatxoan. Arratsaldeko 20:00etan Caamaño & Ameixeiras taldeak zabalduko ditu kontzertuak, eta 21:00etan Xabi Aburruzagaren emanaldiak emango dio amaiera 25. urteurren honi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude