Iraiaren 15etik 17ra Bidasoako Interpretazio Zentroaren ateak irekiko dira Ondarearen Europako Jardunaldiak direla eta

Irailean Ondarearen Europako Jardunaldiak ospatzen dira. Irailaren 15etik 17ra 48 herrialdek Europako tradizio, ezagutza eta teknika kulturalen bizitasuna, aniztasuna eta garrantzia erakutsiko dute. Edizio honetan, Bidasoako Interpretazio Zentroa Frantziak jardunaldi hauen esparruan duen jarduera-programaren parte izango da, eta hiru egunetan zehar bere ateak irekiko ditu.

Bidasoa-Txingudi inguruko biodibertsitatearen aberastasuna edo Done Jakue bidea eskualdeko “Ondare biziaren” parte dira eta protagonismo berezia dute Interpretazio Zentroan. Erakusketa-eremuak, gainera, Bidasoarekin lotutako gaiak elkargune gisa islatzen ditu, aduanaren historia gogorarazten du eta tokiak gune estrategiko gisa duen garrantzia.

Horregatik, gune hau Hendaye Tourismeren ekimenez aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien Frantziako programazioan txertatu dute. Hori dela eta, zentroa modu berezian irekiko da irailaren 15ean, ostiralean, 16an, larunbatean, eta 17an, igandean, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.

Ondarearen Europako Jardunaldiak

Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak batera antolatzen dituzte 1999tik. Europako kultura-ondarearen aberastasuna eta aniztasuna balioestea dute helburu, eta, aldi berean, elkarrizketa, inklusioa eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzen dituzte.

Ildo honetan Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidentea den Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “ekitaldi hau aukera berezia da gure kultura- eta natura-ondarearen aberastasuna nabarmentzeko, eta Bidasoako Interpretazio Zentroa agertoki ezin hobea da bisitariei gure eskualdearen historia eta edertasuna mugaz gaindiko ikuspegi batetik erakusteko. Jardunaldi hauek egungo eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea baloratzeko eta babesteko inspirazioa ematea nahi dugu, eta, aldi berean, eskualdean turismo kulturala eta iraunkorra sustatu dezaten “.

Itziar Aizpuru, Hendaiako ordezkariaren iritziz, “ondareak iraganeko testigantzei bizia ematen die”. Hendaiako ordezkariak uste du eboluzioan dagoen gizarte honetan, ondarearen kontserbazioak eta babesak gure kultura-nortasuna indartzen duela. Hendaiako ordezkariak gainera, Irungo Udalak Avenida zubi historikoa berreskuratzeko egindako ahalegina azpimarratu du: “trukaketa zoriontsuen eta gure bi hiriek markatu zituzten gertaera lazgarrien lekukoa da”. Zubia gaur egun itxita dago eta egoera zentzugabe honen aurrean, Iparraldean milaka herritar mobilizatzen ari dira azkar irekitzeko”.

Bidasoako Interpretazio Zentroa

Bidasoako Interpretazio Zentroa Aduanako eraikin zaharrean dago, Avenida zubiaren ondoan, eta XX. mendeko historian garrantzitsuak izan diren gertaera historikoen ikusle eta protagonista izan da. Funtsezko gunea izan da mugaren bi aldeetako milaka pertsonentzat, bereziki bi mundu gudatan eta Espainiako Gerra Zibilean.

1841ean, aduanak kostaldera lekualdatu zirenean, Irunen mugako pasabidea kontrolatzen hasi ziren, eta eragin handia izan zuen hiriko eta inguruko komunikazioetan, pentsamoldean eta ohituretan. Aduanak, beraz, Europar Batasunaren sendotzearen ondorioz desagertu arte, eskualdearen memoria, espazioak eta garapena markatu ditu.

Irungo Udalak eraikina lagatzea lortu zuen, Estatuaren erabilera administratiboak izateari utzi ondoren. Hiria 32 herrialde zeharkatzen dituzten 19 bizikleta-ibilbidetan egituratutako Eurovelo sarean sartzeko proiektuaren onarpenari esker, Europar Batasunaren aurrekontuarekin finantzatu ahal izan zen eraikinaren berreskurapen integrala eta gaur egun Bidasoako Interpretazio Zentro gisa duen erabilera. Zentro hori da ezaugarri horiek dituen bakarra Eurovelo sarearen barruan.

Gaur egun, eraikina Irungo ondare ondasunen katalogoaren barruan dago. Erakusketa gune bat dauka, hiru gairekin lotura duten panelekin: inguruko biodibertsitatea, Eurovelo sarea eta Done Jakue bidea eskualdetik igarotzea. Gainera, Bidasoa inguruko faunari eta landarediari buruzko ikus-entzunezko edukiak zabaltzen dira. Eta urtero ondare historiko eta naturalari buruzko aldi baterako erakusketak ere antolatzen dira.

Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dira ere, eta horien artean nabarmentzekoak dira mugaz gaindiko “Un país con nombre de río” eta “Dibuja el Bidasoa” pintura-lehiaketak; hauetan sortzen diren obrak zentroan erakusten dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude