Toki batetik bestera joateko igaro behar diren tokien segida gisa deskribatu daiteke “bide” hitza. Pandemiaren ostean hitz horrek bere esanahia berreskuratu du Santiagorako bidea hartzen duten erromesentzat. Izan ere, erromesbidea ate edo katez guztiz itxi ez bada ere, pixkanaka ohiko pelegrin kopuruak berreskuratzen hasi dira.
Jose Ignacio Galzacorta, Josin, Irun-Bidasoako Done Jakue Elkarteko (JAKOBI) lehendakaria da eta bere begiek Santiago Bidearekin loturiko esperientzia luzea adierazten dute. Elkarteko lehendakariak aurreratu duenez, erromesaldi munduak oraindik ez du gainditu pandemiak bidean eragindako abagunea. Alegia, pandemia hasi bezain laster aterpetxea ixteko erabakia hartu zuten premiazko bilera batean. Josin Galzacortak adierazi duenez, “oso erabaki gogorra izan zen, baina ezinbestekoa izan zen”. Done Jakue Bidea posible egiteko lan egiten duten ospitalari eta boluntarioak adineko pertsonak direla gogoratu du: “Nik 74 urte ditut eta zuzendaritza batzordeko hirugarren kide gazteena naiz”.
Lehendakariak azaldu du 2021. urtean aterpetxean berriro ere martxan jartzeko zalantzak izan zituztela, baina azkenean ezinezkoa izan zen. Horrela, Erromes Federazioak bidalitako gutunaren hitzekin bat egitea erabaki zuten, “bidea erromesez bete baino lehen, erromesak bidea egiteko gogoz betetzeko”.
“Bidea erromesez bete baino lehen, erromesak bidea egiteko gogoz betetzeko”
Josin Galzacorta, JAKOBI elkarteko lehendakaria
2022ak, ordea, berriro Irungo Erromesentzako Aterpetxeko ateak parez pare irekitzeko aukera eman du, eta oraingoan bai, inolako zalantzarik gabe. Aterpea ireki arren, oraindik ordea ez da pandemia aurreko erromes kopurua berreskuratzea lortu. Datuek hala baieztatzen dute. Kontuan hartuta 2019 izan zela normaltasunez lan egin zen azken urtea, urte horretako abuztuaren amaiera arte 7.143 erromes jaso zituen Irungo aterpetxeak. 2022an, berriz, abuztuaren 15era arte 5.261 erromesi harrera egin zaie. Ez da beharrezkoa esatea urteen amaieran metatutako gaualdien kopurua erreferentzia gisa hartzen den azken urtekoa baino txikiagoa izango dela ziurrenik.
Aurtengo urte amaierako gaualdien kopurua azken urte arruntarekin alderatuta %10 txikiagoa izan daitekeela aurreratu dute JAKOBI elkartetik. Hala ere, datu hau testuinguru egokian ulertzeko azalpena eman du elkarteko lehendakariak: urte hasieran Irungo aterpetxeari buruzko informazio okerra zabaldu zen Done Jakue Bidearekin loturiko hainbat webguneetan aterpetxea itxita zegoela esanez eta ondorioz, erromes askok beren ibilbidea edo abiapuntua aldatzea erabaki dutela uste da.
Borondatearen eta debozioaren elkargunea
Irungo Erromesen Aterpetxea dohaintza izaerako aterpetxea da. Esaterako, Gipuzkoa mailan dohaintzako aterpetxeak desagertzen ari dira, Irungoaz gain, Pasaiakoa eta Debakoa dira funtzionamendu bera duten bakarrak. Aterpetxe eskasiaren aurrean kezkatuta agertu da JAKOBI elkarteko presidentea: “Inguruan gero eta aterpe gutxiago dauzkagunez, erromes askok eta askok Gipuzkoa egin gabe uztea erabakitzen dute”. Boluntarioak ez dira falta, baina administrazioek eta Elizak gehiago lagundu beharko luketela uste du. Egoerak bere horretan jarraitzen badu, beharbada, Gipuzkoako bidea arriskuan egon daiteke. Izan ere, Donostia bezalako hiri handiek bestelako bisitariak erakartzea nahiago dutela azaldu du Juanjo Mariaetxalar JAKOBI elkarteko boluntarioak eta erromesak. Era berean, gogoratu du erromesak izandakoak askotan urte batzuk geroago turista bezala itzultzen direla leku berdinera asko gustatu zaienean eta, orduan bai, poltsikoan diru gehiago dutela.
Aterpetxeez gain, ospitalariak dira Done Jakue bidearekin loturiko beste elementu ezinbesteko bat. Ospitalariek doan lan egiten dute aterpetxeetan, erromesei harrera egiteaz eta erregistroa betetzeaz arduratzen direlarik. Egonaldiak 10 egunekoak dira eta ordainean egunero bazkaltzeko txarteltxoa ematen zaie bakarrik. “Oraintxe Castelloko eta Bilboko neska batzuk dauzkagu gurekin lanean, baina Kanarietako, Holandako, Belgikako eta Austriako jendea izan dugu gurekin, beraz, mundu osoko ospitalariak dauzkagu”, azaldu du Josin Galzacortak.
Elkartea zabaltzen
Irungo JAKOBI elkartea arduratzen da Irungo erromesen aterpetxearen kudeaketaz. Erromesak jasotzeaz gain, elkarteak bestelako ekintzak antolatzen ditu elkartearen jarduera ezagutzera emateko. Batetik, JAKOBI elkarteak argazki lehiaketa bat du martxan. Argazkiak irailaren 15era arte bidali daitezke eta parte hartzea sustatzeko aurten, berrikuntza moduan, argazkiak oinarri fisikoan bidali ordez, emailez ere bidaltzeko aukera eskainiko da. Bestetik, urrian JAKOBI elkarteak Jakobear Astea antolatzen du non Santiago Bidearekin loturiko hainbat ekitaldi kultural antolatzen diren, hala nola, ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, Donejakue Bideari buruzko argazki-erakusketak, musika-kontzertuak, etab. Gainera, Done Jakue Irun-Bidasoa elkarteak «Engancheminados» gazeta argitaratzen du jakobear kulturara hurbiltzeko asmoz elkarteko jarraitzaileak, eskualdeko bizilagunak eta jakobear kulturazaleak. Horretaz gain, pandemian zehar aterpea itxita egon arren eta ohiko zerbitzua eskaini ez arren, elkarteko kideek aholkularitza zerbitzua eta laguntza eskaintzen jarraitu zuten.
Ia edozein motako bisitariak
Pandemiaren ostean joera aldaketa nabari bat hauteman dute Done Jakue Bidearen inguruan lanean dabiltzan boluntarioek. Lehen estatu mailako erromesak gehiago ziren atzerritarrekin alderatuta eta harrez geroztik kanpotarren kopurua gailentzen ari da. Josin Galzacortak baieztatu duenez, “aurten gainera benetako erromes sena duten pertsona gehiago ikusten ari gara, aurreko urteetan erromesak opor merkeak bilatzen zituzten turistekin nahasten baitziren”.
Aterpetxeak 60 pertsonentzako lekua du eta Josin Galzacortaren hitzetan, “oheak betetzea eta jendea aterpearen instalakuntzekin pozik agertzea baino, nahiago dute jasotako harrerarengatik pozik agertzea”. Arratsaldero bertan jasotzen dituzten bisitarien profila askotarikoa da, nahiz eta zenbait gauza partekatu. 2022an Irungo aterpetxera iritsi diren erromes gehienek (% 20,70) 21 eta 30 urte artean dituzte, bigarren talde jendetsuena 31 eta 40 urte artekoak (% 19,16) direlarik. Bertara iristen diren erromesen % 97,26k Iparraldeko edo Kostako bidea egiteko asmoa dute eta % 1,27 bueltako bidean daude. Santiago bidea egiteko moduen arabera, berriz, Irundik igarotzen diren erromesen % 96,29k bidea oinez egiten du, % 3,71 bizikletaz mugitzen den bitartean.
Jatorriaren arabera, berriz, bisitarien % 30,79 estatu mailakoak dira. Horien artean % 5,91 Bartzelonakoak dira, % 4,90 Madrilekoak, % 2,57 Valentziakoak eta % 1,16 Bizkaikoak. Bisitari guztien artean, berriz, % 18,06 Frantziatik datoz, % 13,21 Alemaniatik, % 7,77 Italiatik eta % 4,64 Estatu Batuetatik.
Estatistika guzti horien atzetik istorio benetan bereziak ezkutatzen dira. Juanjo Mariaetxalarrek azkenaldian ezagututako bi istorio berezi kontatu ditu. Batetik, arratsalde euritsu batean 3 haur txikiekin familia bat iritsi zen eta boluntarioen arreta deitu zuen ezohikoa baita haurrekin batera Santiago bidea egiten duen jendea topatzea. Hurrengo egunean Juanjok Jaizkibeleko bideetan barrena aurkitu zituen, bi haur txikiak orgetan garraiatuz, haur handiena aurretik eta aurpegian irribarrea zutelarik. Beste egun batean, berriz, Jaizkibelen gazte talde bat topatu zuen. Haiekin hitz egiten hasita ohartu zen Pateretan iritsitako migratzaileekin etxebizitza partekatzen duten eta Donejakue bidea elkarrekin egiten ari zen Madrilgo gazte talde bat zela.
Done Jakue bideak ezkutatzen dituen pasarteak eta bizipenak askotarikoak dira. Denborak edo fedeak esango du etorkizunean zenbat erromes iritsiko diren Irunera. Bien bitartean boluntarioek eskuratu duten guztia eskaintzen jarraituko dute bidaiariei harrera beroa eskaini ahal izateko.
4 istorio, 4 bide
John Gibbons apaiza, Pennsylvania
Aita John Gibbons-ek, Pennsylvaniako Allentown hiritik Irunerako bidaia egin du bertan lehenengo aldiz Done Jakue bidea egin ahal izateko. Allentowneko Sortzez Garbiaren eskolan hartutako urte sabatikoaz baliatuz, bide horri ekiteko urte egokia dela erabaki du. Esperientzia hau aprobetxatu nahi dut nire espiritua berreraikitzeko, urte asko “neramalako hori egin nahian”, adierazi du Gibbons apaizak. Elkarrizketa egindako egun berean hasi zen John Gibbonsentzako Santiago Bidea Irunen eta Iparraldeko Bidetik hasita eta, Bide Primitiboaren zati bat eginda, Santiago de Compostelaraino iristea erabaki du. Gibbonsen hitzetan: “Udan Espainian egiten duen beroaren inguruko albiste asko iristen zaizkigu Estatu Batuetara eta horregatik aukeratu dut kostaldetik doan bidea, jende gutxiago ibiliko delakoan”. Gainera, apaizak pentsatu du aurten Urte Sakratua denez, jende gehiagok erabakiko duela Done Jakue bidea egitea, Coronavirusaren osteko lehen urte arrunta izateaz gain.
Romy Van Haesendonck, Brusela
Romy Van Haesendonckek Irunen gaua igarotzea erabaki du, berarentzako Done Jakue Bidea Santillana del Marren hasiko bada ere. “Bakarrik hiru aste dauzkat Santiagoraino iristeko”, adierazi du Romyk. Gainera, Santiago Bidea egingo duen lehenengo aldia denez, ez zuen gehiegi arriskatu nahi. Bi urte zeramatzan Romy Van Haesendonckek Done Jakue bidea egin nahian baina pandemiaren ondorioz dena itxi zenez, bidaia atzeratu egin behar izan du. “Ibiltzen hasi eta esperientzia nolakoa den ikusteko gogo handia daukat”, azaldu du Haesendonckek. Aurretik Done Jakue bidea egin duten hiru pertsona ezagutzen ditu Romyk eta beraien esperientziak nolakoak izan diren entzutea oso lagungarria izan zaio. Romy Van Haesendoncken hitzetan: “Santiagorako bidea nik bakarrik egitea erabaki dut, bidean jende atsegina topatuko dudalakoan eta jende berria ezagutzeko aukera emango didalakoan”.
Lisa Halloran, Sydney
Lisa Halloranek berriz, bigarren urtez ekingo dio Done Jakue bidea oinez egiteko erronkari. 2013. urtean Frantziako Bidetik egin zuen Santiago Bidea. Bitartean laugarren mailako minbizia gainditu du Lisak. 12 ebakuntza egin eta ia bizia galtzeko zorian egon ostean, bere bizitzako kapitulu zital hori itxi nahi du Lisa Halloranek Santiagoko Bidea eginez. Lisa Halloranek uste du Ibilbide luze horrek gertatutakoaren eta itxi berri den atal honen ostean, etorkizunean pentsatzeko aukera emango diola. Dagoeneko Pirinioetako GR10 bidetik apur bat ibili da eta Santiagora iristeko 6 aste dituela azaldu du. Lisa Halloranek adierazi duenez, “esperientzia hau biziko dudan bigarren urtea izango bada ere, esperientzia guztiz desberdina izango da, pertsona ezberdin bat naizen aldetik”. Frantziako Bidearekin alderatua paisaia guztiz bestelakoa dela azaldu du Halloranek eta berdearen eta urdinaren nahastea asko gustatzen zaiola onartu du. Bakarrik ingelesa ulertu arren, bideak pertsona asko ezagutzeko aukera eman diola azaldu du eta bere ustez ibiltari guztiek abentura nahiez eta jakin-minaz betetako espiritua partekatzen dute.
José Silva, Azoreak
José Silvak, berriz, bizikleta gainean ekingo dio Santiago Bideari. Bere bidaia Amsterdamen hasi zuen duela hilabete bat eta hogei egun, baina orain ekingo dio Done Jakue bideari. Portugaldarrarentzat Done Jakue Bidea egingo duen lehenengo aldia izango da. “Nire bokazioa katolikoa da eta gaztaroan gai horrekin lotutako arazoak izan nituen, baina geroago fedearen bidea aurkitu nuen eta horrela lortu nuen jasotako hezkuntza katolikoa onartzea”, azaldu du Azoreetako fededunak. Azkenaldian mezetan parte hartzen duela adierazi du José Silvak, azkena Mont-Saint-Michelen eta nabarmendu du azken meza hori bereziki aberatsa izan dela. “Denbora asko neraman Santiago Bidea egin nahian eta ulertu dut hori egiteko une aproposa oraingo hau zela”.