Dunboa ikas komunitateak auzoko dendak euskararen erabileraren eredu bihurtu nahi ditu

Dunboa ikas komunitateak auzoko saltokiak euskararen erabileraren eredu izateko proiektua abiatu du. “Dunboan, eskolan eta auzoan, euskara beti ahoan” leloa jarri diote egitasmoari. Gauzak horrela, ikasleak lanpetuta ibili dira auzoko dendetako txartelak eta kartelak itzultzen. Egitasmoak ikasleak, irakasleak eta dendariak elkartu ditu Dunboa auzoa euskararen erabileran eredugarri izan dadin.

Proiektuaren leloak argi eta garbi uzten du helburua zein den: euskararen erabilera sustatzea. Iñaki Cia Dunboa ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, eskolak orain dela 14 urte eman zuen ikas komunitate bihurtzeko pausua. Zuzendariak azaldu duenez, “ikastetxea auzoari irekita dago, kanpotik datozen proposamenetara irekita gaude, baina guk ere auzoari zerbait eman behar diogu”. Hartu-emaneko lotura hori abiapuntutzat hartuta, Dunboako ikas komunitateak auzoarentzat zein ikastetxearentzat aberasgarria izan daitekeen proiektua topatu zuen bidean, hau da, txartelen itzulpena.

Iñaki Ciak adierazi du “guk eskolan batzordeen bidez funtzionatzen dugu eta, beste batzuen artean, Euskara Batzordea daukagu”. Euskara Batzorde horretan 5. mailako ikasleek gelan egindako itzulpen ariketa aztertu zen eta ekarpena auzora zabaltzeko modua bilatu zen. Zabalpen horretan eskolako ikasle guztiek beren ekarpena egin dute, ikasle guzti-guztiek parte hartu baitute proiektuan. “Guretzako eskolan txartelak euskaratzea bezalako proiektuen garapena oso interesgarria da”, gaineratu du eskolako zuzendariak.

Beraz, irakasleen eta dendarien laguntza izan dute, baina ikasleak izan dira proiektua aurrera atera dutenak. Irakasleek, auzoko dendetan barrena egitasmoa aurkeztu ostean, itzuli beharreko produktuen zerrenda lortu zuten eta ikastetxeko maila guztien artean banatu zuten, ikasle bakoitzak bere ekarpena egin zezan. Ikasleek zerrenda jaso zuten eta itzulpen lanetan murgildu ziren.

Julen Ochoa itzultzaile lanetan ibili den ikasleetako bat da. 5. mailako ikasleak onartu duenez, “proiektuan parte hartu aurretik zerrendako hitz batzuk euskarara nola itzultzen ziren bagenekien, beste batzuk ez ordea”. Dunboako ikasleak azaldu du hitz ezezagunen itzulpenak bilatzeko hiztegiak erabili dituztela. “Zalantzak argitzeko ordenagailuan Elhuyar edo Itzultzaile Neuronala izeneko hiztegiak erabili ditugu”. Hortaz, hitz berriak deskubritzeaz gain, ikasleek hiztegiak erabiltzen ikasi dute, bai eta hitzen itzulpen zuzena aurkitzeko jarraibideak ere.

Erabilera ereduen hutsunea
Proiektuaren alde praktikoak garrantzi handia izan du hasieratik. Patxi Ribera Dunboako Euskara Batzordeko kideak azaldu duenez, “ohartu gara ikasleek eskolatik atera eta auzoko dendetan ez dutela euskararen erabileraren adibiderik”. Dunboako irakasleak azaldu du ikastetxean ikasleek euskaraz ikas dezaten ikasleek beraiek, irakasleek eta, batzuetan gurasoek ere, ahalegin berezia egin dutela. Leire Ormazabal eskolako normalizazio arduradunak gehitu duenez, “kanpora ateratzerakoan, ordea, ez dute barnean egindako lanaren islarik ikusten”. Julen Ochoa ikasleak irakasleen usteak baieztatu ditu, “kalean ez ditugu denden izenak, kartelak edo prezioen txartelak euskaraz idatzita ikusten”. Horrela, proiektu honen sorrera bururatu zitzaien, alde batetik, auzoari ekarpena egiteko eta bestetik, haurrek eskolatik kanpo euskara erabil dezatela errazteko. Patxi Riberak gaineratu duenez, “errespetu falta bat da dendetara joan eta euskarazko informaziorik ez topatzea, bai hizkuntzarekiko bai gurekiko”.

Egitasmoa gauzatu ahal izateko denden inplikazioa ezinbestekoa izan da. Auzoko dendetan pozik jaso dute Dunboako ikas komunitatearen proposamena. Ekintzara batu den lehenengo saltokia Dumboa fruta denda izan da. Ikastetxean lanean hasteko aukera izan zezaten, fruta dendako produktu guzti-guztien izenak biltzen zituen zerrenda bat osatu zuten ikasleen esku uzteko. Patxi Riberaren hitzetan, “saltokiek beren produktuen zerrenda eman digute eta batzuetan beraiek ere izenak itzultzeko saiakera egin dute”.

Emaitzak kalean
“Dunboan, eskolan eta auzoan, euskara beti ahoan” egitasmoaren lehen emaitzak Dumboa fruta dendan ikusi daitezke dagoeneko. Maiatzaren 25ean Dunboa eskolako maila bakoitzeko ikasle ordezkari bana hartu, taldetxoa osatu eta txarteltxoak auzoko fruta dendara eraman zituzten. Julen Ochoak azaldu duenez, “Txartel bakoitzean produktuaren euskarazko izena eta argazkia jarri dugu, belkroa ipini diogu eta dendariek prezioa ipintzeko tartea utzi dugu”. Eskola guztiak egindako lanaren emaitza izan da eta kutxa helmugara eramatea lortu dugu.

Fruta dendan Ainhoa Urtizberea dendariak egin zien harrera. Kutxaren tapa ireki eta haurrek eskolan kontu handiz egindako lanaren emaitzak ikusi ahal izan zituen. “Irakasleek azaldu zigutenean oso proiektu interesgarria iruditu zitzaigun, helburua haurren, gurasoen eta dendarien artean euskara sustatzea delako”, adierazi du Dumboa fruta dendako dendariak. Gainera, denda txiki gisa auzoko ikastetxearekin harremana izatea oso polita dela adierazi du. “Proiektuak dendariei ere hitz berriak ikasteko eta euskara erabiltzeko aitzakia ematen digu”, gaineratu du Ainhoa Urtizbereak. Haurrez inguraturik, dendariak lehen txarteltxoak ipini zituen dendan, ikasle zein bezeroek lanaren emaitza ikusteko aukera izan zezaten.

Jarraipena ezinbestekoa
Dunboa auzoko lehen denda jada euskaldundu badute ere, lana ez da amaitu. Pixkanaka ikastetxeko haurrak auzoko beste saltokien produktuen izenak itzultzen joango dira. Hurrengo helburua zein den erabaki dute dagoeneko: Todo Todo supermerkatuko arrandegiaren itzulpena. Patxi Riberaren hitzetan, “pixkanaka auzoa euskalduntzeko urratsak egin nahi ditugu”. Hala ere, irakasleak azaldu du gustatuko litzaiekeela hiriko beste eskolek ere proiektuari jarraipena ematea eta beren auzoetan gauza bera egitea. “Horrela apurka-apurka hiri osoa euskaldunduko dugu”.

Euskara suspertzeko lehen aleak erein dituzte horrela Dunboako ikasleek. Keinu txikien bidez, hizkuntzak salerosketa harremanetan bidea aurkituko duelakoan. Orain, denborak eta bakoitzaren nahiak esango du etorkizuna nolakoa izango den.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude