Euskaraldiaren 3. edizioa azaroaren 18an hasi zen eta abenduaren 2an amaituko da. Belarriprest eta Ahobizi rolak aukeratu dituzten herritarren inplikazioa funtsezkoa izan da ariketa soziala aurrera ateratzeko. Horiekin batera, euskaraz lasai hitz egiteko Ariguneak sortu dituzten entitate, elkarte edo enpresek ere beren ekarpena egin dute. Jarraian Irungo Euskaraldiaren barnean zenbat motatako Ariguneak sortu diren ikusi daiteke.
Txingudi Errugbi Kluba
Txingudi Errugbi Klubeko komunikazio arduraduna den Xabier Sánchezek euskararen erabilera eta sustapena klubaren oinarrizko helburuetako bat dela azaldu du. “Euskaraldia bezalako egitasmoetan parte hartzea falta zitzaigula konturatu ginen eta horregatik erabaki dugu aurten pauso hori ematea. Zehazki, bi Arigune sortu dituzte errugbi klubaren barnean: bata, Errugbi Eskolan, klubeko txikienek dutelako euskararekin lotura estuena, eta, bestea, Plaiaundiko Kantinan, zelaian ekintzak antolatzen direnean jende asko biltzen baita bertan.
Etorkizunean, berriz, talde helduenetan, seniorretan adibidez, hizkuntzaren erabilera sustatzen jarraitzeko beharra ikusten dute, euskaraz egiteko ohitura gutxi zabalduta baitago. “Klubaren marra gorrietako bat komunikazio lana euskaraz edo behintzat bi hizkuntzetan egitea da”, azaldu du komunikazio arduradunak. Xabier Sánchezen hitzetan oso positiboa izan da Txingudi Errugbi Klubean Euskaraldian parte hartzeko proposamenari egin zaion harrera: “taldekide bakoitzaren ahalegin indibidualaz gain, Ariguneen sorrerak euskararen alde beste pauso bat emateko aukera eman digu”. Klubaren barneko euskara maila eta ezagutza identifikatu ostean, Euskaraldiak Ariguneak sortu dituzten bestelako entitateekin etorkizunean euskaraz harremanetan jarraitzeko aukera izango dutela uste du Xabierrek.
Lurra belar denda
Maite Munarriz Mendizabal Irungo Eguzkitzaldea kalean kokatutako Lurra belar-dendako dendaria da eta Arigune bat sortu du bertan. Maite Munarrizek onartu duenez, “Euskaraldian parte hartzen dudan lehen aldia izango da aurtengoa eta Ahobizi izateaz gain, Arigune bat sortu dut”. Dendariak azaldu duenez, aurretik ez zeukan Euskaraldiaren berri eta dendan Arigunea sortzeko proposamena gustu handiz jaso zuela azaldu du. “Uste dut Euskaraldia egitasmo polita dela eta bere emaitza oso aberasgarria izan daitekeela”, gaineratu du Amunarrizek.
Arigunea sortu eta soinean Ahobizi txapa daramanetik bezeroen artean jarrera aldaketa nabaritu du Lurra belar dendako saltzaileak. “Geroz eta jende gehiago zuzentzen da niregana euskaraz, beraz, emaitza nabaria da eta asko gustatu zait”. Horrela, norbanakoen prestutasunaz gain, Ariguneei eskerrak “Larreaundin askotariko jendea dagoela ikusi dugu eta sorpresa atsegina izan da jakitea zenbat jende den gai euskaraz hitz egiteko”. Beraz, norbanakoen prestutasunaz gain, Maite Munarrizen iritziz Ariguneek ariketa orokortzen eta ezagutarazten laguntzen dute. Etorkizunean ordea, Lurra belar dendako dendariak euskara erabiltzeko hautua modu naturalean gertatzea nahiko luke, horretarako egitasmo bat sortzeko edo data batzuk zehazteko beharrik gabe.
Mendibil Pedagogia Elkartea
Mendibil Pedagogia Elkarteko Komunikazio departamentuko Miriam Fernándezek azaldu du zergatik erabaki duen elkarteak Euskaraldiaren barnean Arigune bat sortzea. “Formakuntzarako zentro bat garen heinean, gure ikasleak euskaraz hitz egitera animatu nahi ditugu”, azaldu du Miriam Fernándezek. Sortutako Argiunean elkarteko administrazioko langileek, irakasleek eta erdi-mailako zikloetako ikasleek parte-hartze handia aurreikusi dute. Gainera, Euskaraldia dela eta, zentroan euskararekin loturiko ekintza gehiago antolatzeko asmoa dute Mendibil elkartean. Komunikazio saileko ordezkariak azaldu duenez, “zentroaren komunikazio jarduera euskaraz edo bi hizkuntzetan egiten saiatzen bagara ere, ikasleen artean euskara sustatzeko zailtasunak ditugu gehienak atzerritarrak direlako eta askok hizkuntza gutxi edo ezer gutxi ezagutzen dutelako”. Horregatik, euskara bultzatzeko ezinbesteko beharra ikusten dute etorkizunean erdi mailako zikloak B eta D ereduan eskaini ahal izateko.