Eskualdeko errugbi elkarteak lehenengo aldiz parte hartu du ekimenean, bere esparruan bi Arigune sortuz
Euskararekiko konpromezua berretsi nahi izan du Txingudi Rugby Taldeak pausu honekin. Iñigo Aizpuruak, elkartearen eskolako zuzendariak, nabarmendu duenez “urteak daramagu gure kideen artean euskararen sustapen aktiboa egiten, baina horrelako ekintza batera atxekitzea falta zitzaigun”.
Izan ere, errugbi eskola da martxan jarritako ariguneetako bat, bestea Plaiaundiko kantina izanik. Tamalez, talde ezberdinen egutegiek bi aste hauetan etxean partidarik ez izatea eragin dute, baina larunbat honetan hori konpontzeko aukera izango da; “gure 16 urtez azpiko taldeak Getxoren aurka jokatu behar zuen partida larunbat honetara aurreratu da, hortaz, Euskaraldiaren azkenengo egunean gure bigarren arigunea publikora irekia izango dugu” gehitu du Aizpuruak.
Jardunaldi berria taldeko gazteenentzat
Gizonezko senior taldeak ez du asteburu honetan jokatuko, baina 16 urtez azpiko jokalari guztiek lana izango dute abenduko lehenengo egun hauetan.
Alde batetik, sub 16 taldeko neska-mutilek Getxo B jasoko dute Plaiaundin larunbatean 11:00etatik aurrera. Bizkaitarrak liga oso ondo hasi dute bost partidatan hiru garaipen lortuz eta, hortaz, erronka polita izango da mugakoentzat, denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzen saiatuko direnak. Joaneko partida 31 eta 15 markagailuarekin amaitu zen.
Igandean, aldiz, eskolak hartuko du lekukoa eta Arrasatera bidaiatuko dute bertako taldeari, La Unicari eta Iruñari aurre egiteko 10:30etan Mojategiko zelaian.
Gipuzkoako selekzio gazteen topaketek Txingudiko ordezkariak izango dituzte, berriz ere
Larunbat honetan, beste behin, Gipuzkoako neska errugbilarien eta mutilen sub 13 eta sub 14 selekzioen entrenamenduak izango dira Eibar eta Ordizian, hurrenez hurren.
Nesken kasuan, Eibarko Unbe zelaian bilduko dira larunbatean 11:00etatik aurrera eta saio hauetara hurbiltzen den taldea pixkanaka handitzeko helburua du taldeak.
13 eta 14 urtez azpiko mutilen kasuan, Ordizian izango dute Gipuzkoako federazioak antolatutako entrenamendua 10:00etatik aurrera.