Txingudi errugbi klubak denboraldia hasi berri du. Klubeko lehen taldea partiduen errutinan murgilduta dago jada eta Iruñako La Única taldearen aurka denboraldiko lehen garaipena lortu dute. Kategoria txikiagoetan dabiltzan klubeko taldeak ere lanean ari dira denboraldian zehar beraien onena erakusteko.
Iñigo Camarero Txingudi errugbi klubeko lehen taldeko entrenatzaileak azaldu du lehen garaipen hau oso beharrezkoa zela taldearentzat. “Lehen jardunaldiko partidua bi punturengatik galdu genuen eta min handia eman zigun, uste baikenuen garaipena lortzeko beharrezko guztiak genituela”.
Zaisa Txingudi taldeko entrenatzaileak gogoratu duenez, aurreko denboraldia nahiko kaxkarra izan zen taldearentzat. Izan ere, Plaiaundin entrenatzen diren mutilek oso garaipen gutxi lortu zituzten. “Garaipenik gabe zaila da motibazioa lortzea”, adierazi du Iñigo Camarerok. Beraz, aurtengo denboraldiko lehen garaipenak balio bikoitza izan du taldearentzat: sailkapenean puntu bat eskuratzeaz gain, jokalarien animoan eragin positiboa izan du.
Taldea eratzen
Txingudiko entrenatzaileak aurreko urtean gertatutako maila jaitsieraren arrazoiak azaldu ditu: “joan den denboraldian lesio asko izan genituen taldean eta horrek zuzenean eragin zigun partiduetako joko mailan”. Camarerok aipatu du denboraldi amaieran emaitza hobeak lortu zituzten arren, ez zirela jaitsiera saihesteko gai izan. Entrenatzailearen hitzetan, “udan jokalariak berriro animatzeko lan handia egin dugu eta jokalari askok taldea utzi duten arren, berriak ere etorri zaizkigu”. Era horretan, aurten taldera itzuli diren aurpegi ezagunek asko lagundu diete, esperientzia handiko jokalariak baitira eta beteranoen maila ona nabaria da.
Denboraldia hasi den arren, Iñigo Camarerok onartu du Txingudik talde murritza duela oraindik. “Denboraldia zer luzea den kontuan izanda oraindik fitxa gutxi ditugu eta gustatuko litzaiguke jokalari gehiago lortu ahal izatea”, azaldu du entrenatzaileak. Plantilla murriztua izan arren, uste du aurreko denboraldian baino lesio gutxiago izanda denboraldi amaierara iristeko gai izango direla.
Denboraldi berriak nobedadeak ere baditu, izan ere, klubak entrenatzaile fisiko berria du. “Entrenatzaile berri honek aukera eman digu denboraldiaurrea ondo prestatzeko”, adierazi du Camarerok. Hain zuzen ere, prestakuntza fisiko egokia izatea funtsezkoa da denboraldi on bat egin ahal izateko.
Azkenen hasiera
Txingudiko lehen taldeak denboraldia porrotarekin hasi bazuen ere, horrek ez denboraldia baldintzatuko. Bigarren partiduan jada irundarrak joera aldatzeko gai izan dira eta. “Porrotak erakutsi digu mailaz jaitsi arren, partidu guztiak ez direla errazak izango”, adierazi du Iñigok. Lehen norgehiagokan espero gabe lezioa ikasita, entrenatzaileak nahiko luke taldeak txipa aldatzea eta irabazteko gaitasuna ere badutela barneratzea. Maila txikiagoan jokatzeak ez du esan nahi, talde edo partidu zailik topatuko ez dutenik. Entrenatzaileak gaineratu du, “ezin gara zelaira sartu partidua irabazia dugula pentsatuz”.
Denboraldi berrian sailkapenean gora egin nahi du Zaisa Txingudik eta, ahal izatekotan, maila igoera bere egin nahi du. Iñigo Camarerok ohartarazi duenez, “inoiz ez da erreza maila igoera bat lortzea”. Hala ere, beraien buruan helburua argi dago eta horretan sinesten dute.
Gaztetxoenak ere martxan
Lehen taldeaz gain, Txingudi Errugbi Klubak jokalari gazteagoak ere errugbian aritzeko trebatzen ditu. Markel Moratinos Sub16 taldeko jokalaria da eta urriaren hasierarekin bere taldeak lehen partiduak jokatu ditu. Ligako lehenengoan La Riojaren aurka neurtu zituzten indarrak, baina garaipenak ihes egin zien. “Uste dut aurretik jokatutako partiduekin alderatua plakatzeak eta markaketak hobetzea lortu dugula”, adierazi du Sub16 taldeko jokalariak.
Hortaz, Markel Moratinosek partiduetan entrenamenduetan egindako lanaren emaitzak ikusten ditu: “aurreko partiduekin alderatuta, hobekuntzak nabariak dira”. Denboraldira begira, Moratinosek taldea gai ikusten du asko entrenatuta partidu asko irabazteko. “Lagunak gara, gure arteko komunikazioa oso ona da beraz, eta gainera talde orekatua gara”, gaineratu du jokalari gazteak.
Maila bat gorago, Sub18ko jokalariak daude eta beraiek ere denboraldi berria hasia dute. Asier Bravo aipatutako taldeko kidea da eta beraientzat ere hasiera porrotarekin batera iritsi zaie, ez baitzuten Zarautzeko jokalariak mendean hartzea lortu. “Taldean jokalari gutxi gara eta Uribealdeako jokalari batzuekin elkartu gara”, adierazi du Asierrek. 18 urtez azpiko taldeko jokalariak azaldu du taldea osatzeko zailtasunak dituztela, jende asko ez baita errugbia probatzera animatzen. Bravok gaineratu du, “nik nire lagun bat ekarri dut eta edonor animatzen dut gurekin jolastera etorri dadin”. Errugbia gustuko duzun edo ez jakiteko hori probatzea funtsezkoa dela adierazi du Asier Bravok.
Denboraldiko erronkez galdetuta, Asier Bravok azaldu Uribealdeko jokalariekin batera jokatuko duten lehen denboraldia izango dela aurtengoa. “Dena den, elkarrekin jokatzen hasteko gogo handia daukagu eta taldera batzen zaigun edozeinekin dena emateko prest egongo gara”, gehitu du Bravok Txingudi errugbi klubak orokorrean denboraldiko erronkei aurre egiteko duen gogoa laburbilduz.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.