Gaur eguerdian elkarretaratzea egin da San Juan plazan Irunen gertatutako eraso sexista salatzeko

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin da San Juan plazan Irunen gertatutako eraso sexista salatzeko. Eguerdiko 12:00 ehun pertsona inguru udaletxe aurrean elkartu dira gertakaria salatzeko.

Adierazpen instituzionala

Jarrian udal talde politiko guztien artean adostutako adierazpena instituzionala irakur daiteke:

Irungo Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure udalerrian berriki gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bere laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.

Irungo Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu, erkatu eta zabaldu ondoren, Indarkeria sexistaren arloko erakundeen arteko arreta eta koordinaziorako protokoloa aktibatu du informazioa baloratzeko eta, biktimari edo bere gertukoei egokia den arreta eman ahal izateko, beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko. Arreta egokia bideratu dela ziurtatu eta informazioa baloratu eta gero, Irungo Udalak hurrengo erabakiak hartu ditu: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik emakume guztiena.

Emakumeen aurkako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti, noski, baina arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.

Irungo Udalak ardura osoa du udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Irungo herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten. Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia zital horren ahalmena, emakumeei erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei, berriz, ekintza makur horien ondorioak ordainaraziz.

Horrenbestez, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak dei egiten du elkarretaratzera urriaren 20an ostegunean, San Juan Plazan eguerdiko 12:00etan. Era berean, Irungo Udalak dei egiten die herritar guztiei ekitaldi horietan parte hartzera, indarkeria sexistaren aurka agertzea eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude