Irungo alkate José Antonio Santanok Belartzako proiektua aurkeztu die komunikabideei; Berrueta Pintorea, Zurbarán eta Pio Baroja kaleen artean Artiara daraman mendi hegaleko parkingerako aurreikuspenak. Harekin batera, Obretako ordezkari Cristina Laborda eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabal izan dira.
Lehenik eta behin, Santanok gogorarazi du ekimena lehendik datorrela. “Alabaina, azkenaldian, pandemia zela-eta, beste jarduketa batzuekin gertatu den bezalaxe, ezin izan diogu heldu lehenago, eta, orain, egungo egoerara eta beharretara egokitu dugu. Gure helburua auzotarrei aparkatzeko aukera berriak eskaintzea da, ingurua asko hazi baita urte hauetan, eta, aldi berean, auzotarrak egoteko topagune gehiago eskaintzea”.
Proiektuaren deskripzioa
Gaur egun, orubean badira haurrentzako parke bat eta 47 ibilgailurentzako 1.100 bat metro koadroko lur gaineko aparkaleku bat, eta eskailera batzuek parkearen eta auzoaren goiko aldera daramate. Bada, proiektua idazteko premisa nagusia aparkalekuak orubean okupatzen duen azaleraren eta aparkatzeko tokien kopuruaren arteko egokitasuna optimizatzea izan da.
Horrela, bi solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikitzea planteatzen du proiektuak, eta orubeko maldan beste solairu erdi bat sortzea. Ibilgailuak Berrueta Pintorea kaletik sartuko dira, eta irten Zurbarán kaletik irtengo dira, sarrera eta irteerak ahalik eta azkar eta erosoenak izan daitezen erabiltzaileentzat.
Ibilgailuak baterian aparkatuko dira, 2,5 x 5 m-ko tokietan, eta bideak 5 m-ko zabalera izango du eta noranzko bakarrekoa izango da. Horrela, guztira, 171 ibilgailu aparkatzeko tokia izango da.
Oinezkoak aparkalekutik ateratzeko bi irteera sortuko dira, orubearen inguruan, aurrez aurre, eraikin eta saltoki gehien dauden lekuetatik gertu, eta igogailu bat instalatzea aurreikusten da, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko.
Lur gaineko eremua bi zatitan banatuko da, maila desberdinetan. Estalki osoa aisialdirako erabiliko da, eta, bertan, hainbat gune sortu ahalko dira, hala nola haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak (saskibaloi kantxak, erabilera anitzeko guneak, ping-pongerako mahaiak, parke bio-osasungarriak…). Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea luzatuko du.
Hau da Plan Orokorraren zehaztapenak bete eta aldi berean aparkatzeko toki gehien sortzeko aukera ematen duen proiektua. Mendi hegaleko parkea Zurbarán kaleraino luzatuko du, auzoan parke handi bat sortzeak berekin dakartzan onura eta aukerekin, eta parke berria irisgarri, ikusgarri eta seguruagoa izango da.
Joan den asteazkenean, Artiako auzo elkarteari aurkeztu zitzaion proiektua, eta, antzeko jarduketekin egin ohi den bezala, Udalaren webgunean argitaratuko da, ostegun honetan, hilak 20, nahi duen orok kontsultatu ahal izateko. Gainera, urriaren 20tik bertatik azaroaren 3ra bitartean, ekarpen eta proposamenak helarazteko aukera izango da.
Irungo Udalak 7 milioi euro konprometitu ditu proiektu honetarako.