Aduana Zaharra birgaitzeko obrak esleitu dira. Via Irun esparrua errealitate bihurtzeko urrats garrantzitsua da. Hiriak orain arte ikusi duen asmo handieneko proiektuaren baitako kontratu garrantzitsu bat esleitu da, Aduana zaharraren eraikina birgaitzekoa, hain zuen. Eraikin enblematiko hori Via Irun hiri-barruti berritzailea izango da etorkizunean.
Cristina Laborda Irungo alkateak eman du horren berri gaur goizean Aduana zaharrean bertan. Atzoko tokiko gobernu-batzarraren bileran adostutako erabakietako bat da, eta horrela abian jarriko da Aduana zaharraren eraikina eraldatzeko prozesua, bertan punta-puntako ekipamendu publiko bat instalatzeko. Prestakuntzarako, ekintzailetzarako eta enpresarako erabiliko da, guztia ere berrikuntza eta jakintza polo baten barruan. Horrela, hiriak mugarri bat joko du erabiltzen ez den trenbide inguru hori berroneratu eta berreskuratzeari dagokionez.
Alkateak esan duenez, «aurreko astean geltoki intermodal berria eraikitzeko obrak bisitatu genituen, eta orain beste urrats hau iragartzeko parada dugu. Hiriko eraikin ezin bereziago hau eraldatzen hastea ekarriko du, gaur egun erabilerarik gabe eta narriatuta dagoena. Horrela, espazio hau berreskuratuko dugu, eta ez itxuraz bakarrik: Irun modernoago bat ikusiko dugu, bai, baina gainera hiriaren etorkizuneko hiri-barruti berritzailearen egoitza izango da. Azken batean, hiriak aurrean duen asmo handieneko eraldaketa-proiektua».
Proiektuaren ardatza eraikin nagusiaren egiturak, estalkiak eta fatxadak birgaitzea izango da. Lanek 2,5 milioi eurotik gorako kostua izango dute guztira, eta exekuzio-epea urtebetekoa izango da.
Aurrena forjatuak, instalazioa eta egurrezko elementuak eraitsiko dira, eta ondoren egiturazko hormak finkatuko dira. Jarraian, egoera txarrean dauden forjatuak konponduko dira, egungo estalkiak eraitsiko dira eta berri batzuk eraikiko dira. Obra-planean jasota dago, halaber, leihoburuak konpontzea eta fatxadako hormak saneatzea, garbitzea eta konpontzea. Azkenik, zulorik badago, behin-behinean itxiko dira.
Era berean, gogoan izan behar da orain abian jarri diren lanen aurretik lehen fase bat egin zela, 2024ko bigarren erdian, eremua garbitzeko eta hondakinak erretiratzeko, 192.319,41 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Horrela, egiturazko elementuetara iristeko modua zabaldu da, eraikinaren karakterizazioa egiteko.
Aduana zaharra berritzeko prozesua
Aduana zaharra berritzeko lanak 2023ko maiatzean hasi ziren, tokiko gobernu-batzordeak eraikina 1.666.416,76 euroan Estatuaren administrazio orokorrari erostea onetsi zuenean, eta ordutik etenik gabe egin dute aurrera. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako lau milioi eta erdi inguruko dirulaguntzari esker, eraikin enblematiko hori zaharberritzeko lanei ekin zitzaien.
Dirulaguntza Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek elkarrekin garatu beharreko inbertsio estrategikoen erakunde arteko planaren (PIEE 22-24) barruan kokatzen da. Dokumentu horretan jasotzen dira 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan egin beharreko zenbait jarduera, erakundeen elkarlanean oinarrituta eta inbertsioaren aldeko apustua eginda, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko eta erresilientziarako tresna gisa.
Hain zuzen ere, lan horien bidez, Aduana zaharra eta haren eranskinak osatuko dira, etorkizunean eman nahi zaion erabilerarako, hots, iHub inklusibo eta adimendun bat osatzeko. Horrela, eraikina Via Iruneko hiri-barruti adimenduna osatzeko estrategiaren muina izango da, eta berrikuntza, kohesio ekonomikoa eta soziala eta eraldaketa digitala eta ekologikoa hartu dira premisatzat proiektua diseinatzeko.
Aduana zaharra
Irungo Aduana zaharraren eraikina Aduana kaleko 18.ean dago, hiriak eta tren-geltokiko zabaltzak muga egiten duten tokian. Eraikina 1882an ireki zen, eta 1993an itxi zen arte erabili zen, nabeak hainbat modutan konfiguratuta, zerbitzuaren beharren arabera. Itxi ondoren, abandonatuta geratu zen, eta denboraren poderioz degradatzen joan da, egungo egoerara iritsi arte.
Gaur egun, Via Irun proiektuko trenbide ingurua berreskuratzeko lanen testuinguruan, Aduana zaharraren eraikina berritzea funtsezko urratsa da antolamendu berriaren barruan, trenbide-zabaltzan berreskuratutako lurretan hiri-barruti bat sortzeko bidean.



