Aduana zena VíaIrun eremuko hiri barruti berritzailea eratzeko estrategiaren muina izango da

Atzo goizean, Irungo Udalak eta Zaisak Via Irun – Hiria Gara proiektuari bultzadako jardunaldi kolektiboen zikloari hasiera eman zioten. Hain zuzen ere, hiriko trenbide eremu berria garatu eta eraldatzeko eredu bat proposatzen du proiektu horrek, eta jardun ekonomikoa, prestakuntza eta ekintzailetza sustatzea du helburu. Aduana zena VíaIrun eremuko hiri barruti berritzailea eratzeko estrategiaren muina izango da.

Zikloaren barruko lehenengo jardunaldian, Ficoban, Josep M. Piquék eman dio hasiera proiektuan parte hartzeko prozesuaren fase honi. Hiri barruti berritzaileetan aditua da Piqué, eta, harekin batera, 50 bat eragilek parte hartu dute topaketan, proiektuari eusten eta bultzada ematen dion lankidetza publiko-pribatuaren adierazgarri.

Irungo alkate eta Zaisako presidente Cristina Labordak ekitaldiaren hasieran adierazi duenez, “elkarrekin hausnartu, kontrastatu eta ikasteko foroak aukera paregabea dira; izan ere, funtsezkoa da alderdi guztien artean imajinario komun bat eraikitzea, eztabaidaren maila igotzeko, erronka zenbaterainokoa den ulertzeko eta guztiok batera ahalegintzeko etorkizunari anbizioz eta koherentziaz begiratuko dion hiri eredu bat eratzen”.

Joan den abenduan, behin administrazioek trenbideak integratzeko akordio historikoa eginda eta ADIFek, ETS Eusko Trenbide Sareak eta Irungo Udalak protokoloa sinatuta, VíaIrun – Hiria Gara proiektua fase berri batean sartu zen. Horrela, begirada zabaltzeko eta trenbide zabaltzako hirigintza jarduketa anbiziotsua eta hiriaren eraldaketa tokiko ikuspuntutik aztertzeko aukera bikaina izan da jardunaldia.

Hirigintza planaren tramitazioa aurrera doa, eta, orain, hiri barruti berritzailea zehaztu eta sustatzen aurrera egiteko garaia da; jardun ekonomikoa, prestakuntza eta ekintzailetza sustatzeko barruti bat, hiriaren garapenean funtsezkoa izango dena.

Hiri barruti berritzailea

Aduana zena VíaIrun eremuko hiri barruti berritzailea eratzeko estrategiaren muina bihurtuko da, berrikuntza, kohesio ekonomiko eta soziala eta eraldaketa digital eta ekologikoa sustatzeko premisei jarraikiz.

Hiri barruti berritzaile baten motor publikoa izango da ekipamendu hori, eta inguru osoa berroneratzen lagunduko duela espero da: jardun ekonomikorako 34.850 metro korratu, etxebizitza libre eta sozialetarako 25.400 metro karratu eta parkeetarako 25.000 metro karratu baino gehiago

Josep Miquel Piqué

Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziatua da, eta hirigintza, berrikuntza, ekintzailetza eta lankidetza publiko-pribatua konbinatzen ditu, hiri ekosistema adimendunak sortzeko oinarrizko elementuak diren aldetik.

Funtsezko eginkizuna bete zuen 22@ Barcelona berrikuntza barrutia eraldatzen. Hain zuzen ere, duela 25 urte sortu zen proiektu hori, Bartzelonako Udalaren ekimenez, Poble Nou inguruko 200 hektarea lurzoru industrial eraldatzeko eta barruti berritzaile bihurtzeko; enpresa teknologikoak, ikerketa zentroak, unibertsitateak eta enpresa emergenteak biltzen dituen barruti moderno bat.

Gainera, nazioarteko proiektuetan parte hartu du, 30 hiritan baino gehiagotan, Latinoamerikan, Ameriketako Estatu Batuetan, Txinan eta Japonian besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude