Gaur hasi dira Aduana Zaharreko eraikina garbitzeko lanak

Irungo Udaleko Obra, Mantentze-lan eta Azpiegitura arloak jakinarazi du gaur, abuztuaren 19an, hasi direla  Aduana Zaharreko eraikina garbitzeko eta hondakinak kentzeko lanak. Via Irun proiektuaren hiri-barruti berritzailea (“iHUB”) sortzeko estrategiaren erdigune bihurtu nahi da Aduana Zaharrezko eraikina.

Tokiko Gobernu Batzarrak, ekainaren 26an, eraikina garbitu eta hondakinak kentzeko kontratuaren esleipena onetsi zuen. Excavaciones Ipar Lur SLU enpresari esleitu zitzaion, 192.319,41 euroan (BEZa barne) eta 3 hilabeteko epean egiteko. Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatuko du obra.

Lan hauek egin behar dira: eraikinak garbitu eta hondakinak oro har kendu, sabai faltsuak eraitsi, instalazioak desmuntatu, egiturazkoak ez diren barruko trenkadak eraitsi, berehala kolapsatuko direla diruditen estalki-hormatalak eraitsi eta egitura osagarriak eraitsi.

Gogoan izan behar da Aduana Zaharra egokitzeko prozesua duela urte batzuetako etenik gabeko prozesu bat dela. 2023ko maiatzean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen higiezina Estatuko Administrazio Orokorrari 1.666.416,76 euroan erostea. Hurrengo urratsaren helburua zaharberritzea da. Horretarako, 4.980.125,10 euro daude, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako dirulaguntza bati esker. Horietatik, 500.000 euro Merkataritza Berrikuntzako Polorako da.

Dirulaguntza hori Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek garatu beharreko Inbertsio Estrategikoetarako Erakunde arteko Planaren (PIIE 22-24) barruan dago. Plan horretan, 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan egin beharreko jarduketak jasotzen dira, erakundeen arteko lankidetzan eta inbertsioaren aldeko apustuan eragina dutenak, suspertze, transformazio eta erresilientzia lortzeko planak diren aldetik.

Hain zuzen ere, garbitzeko eta hondakinak kentzeko onetsitako lan horiek Aduana Zaharrari eta haren eranskinei eman nahi zaien erabileraren aurreko fase bat dira; izan ere, eraikina “iHub” inklusibo eta adimendun bihurtu nahi da, hau da, eraikina Vía Irun proiektuko Hiri Barruti Berritzailea (“iHUB”) sortzeko estrategiaren erdigune bihurtu nahi da, eta diseinatzeko, bereziki kontuan hartuko dira berrikuntzaren, ekonomia- eta gizarte-kohesioaren, eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisak.

Aduana Zaharra

Irungo Aduana Zaharraren eraikina Aduana kaleko 18an dago, hiri-bilbeak tren-geltokiko trenbide-hondartzarekin muga egiten duen lekuan. Eraikina 1882ko urrian inauguratu zen, eta 1993an itxi zen arte erabili zen. Zerbitzurako nabeek hainbat konfigurazio izan zituzten, eta itxi ostean, eraikina abandonu- eta degradazio-fase batean sartu zen, eta horrek eragin du egungo egoera.

Gaur egun, trenbide-ingurunea berreskuratzeko testuinguruan, VIAIRUN proiektuaren barruan, aduana zaharraren gune eraikia birgaitzea funtsezko proiektua da, trenbide-hondartzetatik berreskuratutako lurretan hiri-barruti berri bat antolatu eta garatuko baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude