Martxan dago Gaztainondo kaleko igogailu berria

Gaztainondo kaleko igogailu berria martxan dago jadanik. Hiriak irisgarritasuna areagotzeko eman duen aurrerapauso handi bat da, hirian oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko proiektuetako bat. Irungo alkate Cristina Laborda Gaztainondo kalean izan da, Obretako eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalekin batera.

Alkateak adierazi duenez, “lan hauek auzoa hobetu dute, nabarmenki hobetu ere, eta auzotarrei bizi kalitate hobea eman diete eguneroko bizitzarako. Horixe eskatu digute beti, inguruko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzea, eta, hori dela eta, igogailua instalatzeaz gain, gune atsegin eta seguruagoak sortu ditugu, espaloiak zabalduta eta argiztapena hobetuta”.

Gainera, igogailu berria funtsezkoa izango da etorkizunean, auzoa, geltoki intermodal berria eta VíaIrun lotuko baititu, Labordak gogorarazi duenez: “Ingurua obretan murgilduta dago, baino puzzlearen lehenengo pieza handia jarrita dago jadanik. Gaur inauguratzen ari garen igogailuak tren geltokira eta Vía Irunera eramango du, zuzenean. Une polit bat bizitzen ari gara Irungo auzo honetan, ilusioz betea”.

Trenaren gaiari dagokionez, nabarmentzekoa da Adifeko eremuaren ondoko horman egokitu den horma-irudia, eskaileren ondoan. Arte y Muralismo enpresak mural bat sortu du Irungo tren geltokiaren eta Nazioarteko Zubiaren bi argazki historikotan oinarrituta, trenbideak hirian eta bertako biztanleengan izan duen garrantzia nabarmentzen duena.

Eremuan egindako hobekuntzak

Lanak hiriko mugikortasun jasangarrirako planaren barruan egin dira, oinezkoen zirkulazioa hobetzeko oinarritzat irisgarritasuna eta jasangarritasuna hartuta. Gainera, generoaren ikuspegia ere hartu da kontuan ingurua planifikatu eta diseinatzeko, eta hiriko puntu beltz bat desagerrarazi da.

Igogailuak hogei laguneko edukiera du, eta Gaztainondo kalearen hasieraren (5 zenbakiaren) eta Geltoki kalearen arteko irisgarritasun arazoak konpondu ditu, Haltza kalean barrena.

Igogailua Gaztainondo kaleko 5 zenbakiko etxebizitza eraikinaren fatxadarekin lerrokatuta jarri da, eraikineko arkupeetara sartzeko plataformaren ondoan. Igogailuaren ondoko eskailerak berritu egin dira, baina konfigurazioa lehengoaren antzekoa da, trenbideen plataformako hormaren trazatuari jarraikiz; hala ere, ahal bezainbat zabaldu dira, ikuspena handitzeko.

1.200 metro karratu inguruko eremu batean egin dira lanak, eta, berauen barruan, Haltza kaleko espaloia handitu eta zolaberritu da, 8-14 zenbakien artean, ilaran aparkatzeko lekuak kenduta. Horrela, espaloia 2,80 metro zabal da orain, eta bidea, 4,65 metro zabal inguru, lehen bezala.

Era berean, zebra bideak irisgarritasun irizpideetara egokitu dira, argiztapen instalazio osoa berritu da, eta ura hornitzeko sarean eta berdeguneko landareetan ere egin dira lanak.

Obras Especiales enpresak gauzatu du proiektua, 880.583,71 euroan, zortzi hilabetean.

NextGenerationEU funtsak

Gaztainondoko igogailuaren proiektua Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan eraman da aurrera, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude