San Migueleko auzotarrek Emigrazio eraikinaren lanen errepasoan parte hartu dute

Atzo, San Migueleko adinekoentzako lokalean, Irungo alkate José Antonio Santanok bilera ireki bat egin zuen auzotarrekin, Emigrazioko eraikineko eta eraikinaren kanpoaldeko lanen bilakaeraren xehetasunak emateko. 100 pertsona baino gehiago gerturatu ziren bilerara.

Alkateak Xabier Arruabarrena eta María Tapiasekin batera, lanez arduratzen ari diren arkitektoekin, lanak zertan diren azaldu zuten. Horrela, emigrazio eraikin berria eta horren kanpoaldea nolakoak izango diren deskribatzen saiatu zen.Santanok argitu zuenez, “Emigrazioko eraikina San Miguelerako lau proiektuetako bat besterik ez da. Harekin batera, dagoeneko martxan daude Gaztainondo kaleko igogailuarena, geltoki intermodal berriarena eta San Miguel – Anakako urbanizazio berriarena”.

Arkitekto taldearen arabera, Emigrazioko eraikineko lanak lehenengo fasean daude, zeina ekainaren amaiera aldean bukatuko den. Behin lehenengo fasea bukatuta, eraikinak adinekoentzako 180 metro karratuko lokal bat, 100 metro karratuko haurtxoko bat, 80 bat metro karratuko liburutegi bat eta auzo elkartearentzako 130 bat metro karratuko lokal bat izango ditu. Eraikinaren kanpoko urbanizazioari dagokionez, proiektuaren arabera, espazioa handiagoa, irekiagoa eta argitsuagoa izango da, eta lorategi gehiago izango dira.

Aurreikusitako gainerako instalazioak eta gazteentzako etorkizuneko alokairuko apartamentuak hurrengo faseetan burutuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude