Larreaundi auzoan aldaketa txiki eta esanguratsuak gertatzen ari dira. Gaur goizean bertan izan dira José Antonio Santano Irungo alkatea, Cristina Laborda Obretako ordezkaria eta Nuria Alzaga Herritarrentzako Arretarako, Partaidetzarako eta Auzoetarako ordezkaria, lanen bilakaera gertutik ezagutzkeo. Udalak hobekuntza lanak sustatu ditu lurrak auzotarrentzat berreskuratzeko eta ingurua biziberritzeko.
Gaur goizean gobernu taldeko kideak Larreaundi auzoko bi zonaldetan izan dira. Batetik, San Frantzisko Xabier eta Txumierreka kaleen arteko jolastoki eta egonleku berrian da. Bestetik, Iñigo de Loiola kaleko igogailu berria ezagutu dute, zeina Udalak Irunviren bidez irisgarritasuna hobetzeko sustatutako laguntzei esker instalatu den.
Alkatearen hitzetan, “inguru hau jarduketa txikien lekuko izaten ari da, baina, nolanahi ere, egindako lanek auzoa eraldatu dute, eta, batez ere, hemen bizi direnen bizitza”. Alkateak auzoan egindako azken hobekuntzak errepasatu ditu: azpiestazio elektrikoa zegoen orubea herritar guztientzako topalekua da orain, eta, martxan jarritako igogailuari esker, etxeetara joatea erosoagoa da, adinekoentzat batez ere. “Itxuraz, hobekuntza txikiak dira horiek, baina errotik aldatu dute auzotarren eguneroko bizitza”, azpimarratu du Santanok.
Azpiestazio elektrikoa zena
Larreaundiko aldaketak pandemiaren aurretik hasi ziren, partaidetza prozesu baten eta inguru osoan askotariko erabilerak kokatzeko konpromisoaren bidez: lehenbizi, azpiestazioaren orubean esku hartuko zen, eta, gero, eskolaurreko eraikinarenean, erabilera sozialak eta aparkaleku bat ezarrita.
Behin lanen lehenengo fasea bukatuta, auzoak itxura berria du: lehen, ekipamendu elektriko piloa zegoen, eta ez zegoen inola sartzerik; orain, berriz, haurrentzako jolastoki bat eta egonleku bat daude. Iturri bat jarri da, eta argiztapena hobetu da, leku estrategikoetan luminaria berriak ipiniz. Parke berriaren azalera 1.000 metro karratu inguru da. Gainera, bata eta bestea lotzeko, eskailera eta arrapala txiki batzuk eraiki dira, San Frantzisko Xabier kalea malda handikoa baita.
Lanen osagarri, landareak aldatu dira, eta kaleko altzariak eta haurrentzako jolasak instalatu. Alde horretatik, kaleko altzariak eta haurrentzako jolasak aukeratzeko, jolastokia inklusiboa izateko premisa hartu da oinarri. Horrela, 0 urtetik 12 urtera bitarteko haur guztientzat espazio atsegin eta dibertigarria sortzea bilatu da, haien gaitasunak direnak direlakoak ere.Parkea apaintzeko, berriz, Juncal Alfonso Aguilar artistak mural bat pintatu du, naturaren errespetua, zaintza eta kontserbazioa irudikatzen duena.
Guztira, jarduketaren aurrekontua 374.773,64 euro izan da, BEZa barne; lanak egiteko epea, bost hilabete; eta lanak egiteko arduraduna, Construcciones Otegui-Gaztañaga SL.
Irisgarritasunerako laguntzen emaitzak
Iñigo de Loiola kaleko bizilagunek igogailu berri bat izango dute aste honetan euren komunitatean. Igogailuak herritarrek beren atarietara bide publikotik sartzeko dituzten arazoei erantzuten die. Jarduketa honen bidez, eraikineko 1., 3., 5. eta 7. atarietara zeraman eskailera-zatia gainditzea lortu da. Bizilagunen erosotasuna, irisgarritasuna eta ongizatea hobetzea lortu da horrela. Igogailuaren instalazioa Irungo Udalak, azken urteotan, jabe-taldeentzako berariaz sustatzen duen laguntzaren bidez egin da.
Zehazki, 1., 3., 5. eta 7. atarietako jabe-talde horrek laguntza espezifikoak eskatu zituen igogailuaren instalazioa finantzatzeko, bide publikoaren mailatik hasi eta eraikuntza-multzo baten atariak dauden gune pribatuetaraino. Tokiko Gobernu Batzarrak hirigintza lizentzia onartu ondoren, auzotarrentzat hain beharrezkoa den proiektu hau errealitate bihurtu da. Atari-patio horrek babes daitekeen aurrekontuaren kostuaren % 60 inguru jaso du, 100.000 euroko mugarekin.
2018an, Irungo Udalak horrelako eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko laguntzen programa bat onartu zuen, Irunviren bidez kudeatu zuena. Zehazki, ekimen horren helburua bide publikoaren eta eraikin multzo bateko atariei zegozkien espazio edo plataforma pribatuen arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektu eta ekimenak diruz laguntzea zen: bai proiektuen idazketa, bai berauen gauzatzea.
Laguntzen eskaera
Udalak jabeen komunitateen bost elkarteri eman dizkie laguntzak bide publikoa eta espazio pribatuak lotzeko igogailuak instalatzeko proiektuak idazteko; guztiak ere, Iñigo de Loiola kalekoak. Lanak egiteko laguntzei dagokienez, berriz, bi jabe-elkartek eskatu dituzte. Irungo Udalak 200.000 euro bideratu ditu esku-hartze horiek diruz laguntzeko, eta datorren urteari begira, beste deialdi bat irekiko da irisgarritasunerako laguntzen barruan laguntza berriak eskatu ahal izateko.







