Irungo Emakumeen Etxeak prest du urdaberrira bitarteko programazioa

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak Emakumeen Etxeko Udaberriko Programa aurkeztu du gaur goizean Emakumeen Etxean. Programa horrek Ahalduntze Eskolaren eskaintza osoa jasotzen du eta Bizitza Aktiborako eta Jarduera Fisikorako Orientazio zerbitzu berri bat du.

Berdintasun ordezkariarekin batera izan dira honako hauek ere: Maddi Marquet, zerbitzu berriaz arduratzen den profesionala; Garazi Oyarbide, ‘Dolu Perinatala’ tailerreko hezitzaile gisa; Maria Garabieta, ‘Hilekoaren Zikloa’ tailerreko irakasle gisa; Ana Rodríguez, ‘Grafología’ eta ‘Asertibitatea Feminista klabean’ tailerretako hezitzaile gisa; Susana Esparza, ‘AmArte’ tailerreko irakaslea; Marijo Noain, ‘Emakumea Historian’ eta ‘Emakumea Artearen Historian’ tailerretako prestatzailea; Nuria Sociats, ‘Nerabeen Ahalduntzea’ tailerreko psikologoa; eta Ainara Lopez (Parean Elkartea), “Aitatasuna feminismotik” tailerreko trebatzailea.

Jarduera fisikoa eta ahalduntzea

Zerbitzu berri guztiez gain, berrikuntza gisa, Bizitza Aktiborako eta Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzu berri bat sortu da. Bizitza aktiboa zer onura dakartzan eta emakumearen ahalduntzeari zer ekarpen egiten dion jakitera emateko sortu da, hainbat ekintzaren bidez, hala nola jarduera fisikoa eginez, betiere pertsona bakoitzaren egoerara egokituta.

Nuria Alzaga ordezkariak azaldu duenez, Udalak urratsak ematen jFtarraitzen du Berdintasunaren eta emakumearen ahalduntzearen alde; kasu honetan, Emakumeen Etxearen helburu nagusiarekin (emakumeen ongizatea eta kalitatea, eta baita gizartean duten posizioa ere, hobetzen laguntzea) bat datorren zerbitzu baten bidez- :”Hala da: bizitza aktibo bat mantentzeak onura asko ditu, ez bakarrik maila fisikoan. Baita osasun mentalean ere. Horregatik, zerbitzu berriari esker, emakumeek jarduera fisikoak zer onurak dakartzan eta autoestimua eta konfiantza nola hobetzen duen ezagutuko dute”.

Emakumeen Etxeak hileko bigarren eta laugarren ostegunetan eskainiko du zerbitzua, 17:00etatik 19:00etara. Interesa duten emakumeek hitzordua eskatu beharko dute 943 505 505 telefonora deituz edo etxera bertara joanez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era.

Ahalduntze Eskola

Zerbitzu berriaz harago, Ahalduntze Eskolaren eskaintza osoa dago Udaberriko Programan: zortzi ikastaro eta bost tailer egingo dira otsailetik ekainera bitartean, Emakumeen Etxean. Aurreko ikasturteko arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak berriz eskainiko ditu “Irungo emakume guztien ongizatea eta bizi-kalitatea bultzatzeko eta indartzeko ikastaro eta tailerrak”.

Udaberriko Programaren barruan, aipagarria da, adibidez, ‘Eguneroko kudeaketak: egungo erronketarako baliabide praktikoak’ tailerra. Horri esker, emakumeek modu autonomoan kudeatu ahal izango dituzte organismo publikoekin (adibidez, Udalarekin) lotutako eguneroko izapideak. ‘Aitatasuna feminismotik’ tailerra ere izango da egitarauan, gizonezkoei soilik zuzendua. Asmoa da seme-alaben hazkuntzan eta heziketan gurasotasun arduratsua eraikitzeko hausnarketarako gune bat sortzea. Tailer horrek Berdintasun Zerbitzuaren ildo estrategiko berri bati erantzuten dio; hots, gaur egun gizonezkoek dituzten erronka eta aukerei aurre egitea.

 

Ikastaro eta tailer guztien informazioa herritarren eskura dago udalaren webgunean. Doakoak izango dira, eta Emakumeen Etxean egingo dira.

Ahalduntze Eskolan ikastaro eta tailerretan izena eman nahi duten emakumeek bihartik aurrera (urtarrilak 31) otsailaren 13ra arte izango dute horretarako aukera. Irungo Emakumeen Etxean bertan eman ahal izango da izena, edo online ere bai, udalaren webgunearen bidez.

Berdintasun Zerbitzutik gogorarazi dute emakume bakoitzak gehienez hiru ikastaro eta/edo tailerretan izena eman ahal izango duela eta lehentasuna izango dutela Irunen erroldatutako emakumeek. Horrez gain, adierazi dute ikastaro edota tailerretarako eskaera gehiago balego toki-kopurua baino, zozketa publikoa egingo dutela Emakumeen Etxean, jarduera bakoitzean erabilgarri dauden plazak esleitzeko, izen-emateak itxi eta hurrengo egunean, hau da, otsailaren 14an, 10:00etan. Aitzitik, ikastaroak edo tailerrak bertan behera geratuko dira jarduera egiteko gutxieneko jende-kopururik ez badago.

Beste jarduera batzuk

Ahalduntze Eskolako programaren eskaintzaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dira, hala nola otsailaren 4an minbiziari buruzko hitzaldi bat, ipuin-kontalari feminista bat, emakume ijitoaren rolari buruzko tailer bat, dolu perinatalari buruzko hitzaldi bat eta ‘Gorriaz’ dokumentalaren proiekzioa eta ondoren solasaldia. Jarduera guztiak Emakumeen Etxean egingo dira. Sarrera doakoa eta libre izango da, tokia bete arte.

Topaguneak

Gainera, aurreko urteetan bezala, Irungo Emakumeen Etxeak hainbat Topagune jartzen ditu emakume irundarren eskura. Ikasturte osoan biltzen diren emakume-taldeak izaten dira, eta hainbat gai jorratzen dituzte. Taldeak ikasturte osoan daude irekita, nahi duenak sartzeko aukera izan dezan. Topaguneetan parte hartu nahi duten emakumeek izena eman beharko dute Emakumeen Etxera joanez edo Etxera bertara deituz 943 505 505 telefonora.

Aholkularitzak

Halaber, Irunen erroldatutako emakumeentzat eskuragarri dauden hiru aholkularitza-zerbitzuak ere eskaintzen jarraitzen da, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta. Aholkularitza juridikoa, sexuala eta tituluak homologatzeko aholkularitza dira.

Kontsulta ezazu Udaberriko Programa osoa Ahalduntze Eskolako ikastaro eta tailerren, eta jardueren, topaguneen eta aholkularitzaren berri izateko.

Haurtzaindegi-zerbitzua

Ikasturte honetan ere, haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko da Etxeko jardueretan, eta, horri esker, amek, aitek eta tutoreek lasaitasun osoz egin ahal izango dituzte jarduerak, jakinda beren seme-alabak (4 urtetik 12ra bitarte) ongi zainduta egongo direla.  Zerbitzua guztiz doakoa izango da.

Haurtzaindegi-zerbitzua erabili nahi izanez gero, udalaren webgunean eska daiteke, izena emateko orrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude