Irungo Udalak jakinarazi du aldaketa bat egon dela udako kultur egitarauaren barruan aurkeztutako Remember taldearen saioan. Hasiera batean abuztuaren 14rako (ostirala), gaueko 22:00etan aurreikusita bazegoen ere, azkenean abuztuaren 13an, osteguna, egingo da arratsaldeko 20:30ean. Kokapenak ez du aldaketarik izango, eta saioa Zabaltza plazan egingo da, ordutegia eta eguna soilik egokituz.
‘Kioskoan Dantzan’ egitasmoa
Ekimen hau Irungo Udalak abian jarritako “Kioskoan Dantzan” programaren barruan kokatzen da. Dantza egitea ariketa fisiko oso osatua izateaz gain zoriontasun iturri indartsua dela kontuan hartuta, Udalak egitasmo hau martxan jartzea erabaki du, bereziki 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako hainbat dantza saiorekin. Modu honetan, musika eta dantza Zabaltza plazara eta hiriaren erdialdera zabaldu nahi dira, adineko pertsonen zein herritar guztien gozamenarako.



