Behe Bidasoko Ara!Gorputz kooperatiba feministak —2018az geroztik eskoletako formazioen, ikerketen eta dibulgazioaren bidez hilekoaren kultura sustatzen diharduen taldeak— Alda dezagun zikloa! kanpaina aurkeztu du. Ekimenaren helburua hilekoa desinformazioarekin, tabuekin eta normalizatutako minekin lotzen duen zikloa haustea da, eta ia lau urte indarrean daramatzan 01/2023 Lege Organikoak aitortzen dituen eskubideak plazaratzea; izan ere, kooperatibak ohartarazi du araudia ez dela batere ezaguna eta ez dela betetzen ari. Halaber, kanpaina Azaroaren 25aren —Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren— astean kokatu dute, eskubide menstrualak ez betetzea indarkeria matxistaren beste aldaera bat dela azpimarratzeko.
Dibulgazio-ekintza honen bidez, indarrean dagoen legeak jasotzen dituen hamar oinarrizko eskubideak gogorarazi ditu kooperatibak: besteak beste, espazio publikoetan hilekoaren kudeaketarako produktuak doan eta bitartekaririk gabe eskuratzeko aukera, merkaturatutako produktuen osagaiak publikoak eta kaltegabeak izatea, eta osasun-arretarako gutxieneko irizpideak ezartzea. Horrez gain, araudiak aurreikusten du menstruazio-arazoek eragindako bigarren mailako desgaitasunak dituzten emakumeei eta hilekoa duten gorputzei aldi baterako desgaitasuna aitortzea, informazioa hizkuntza ofizialetara egokitzea, hilekoaren eta menopausiaren inguruko ikerketak eta kanpaina instituzionalak sustatzea, estereotipoak ezabatzea, eta formazio berezitua txertatzea bai derrigorrezko hezkuntzan bai Zuzenbide, Hezkuntza eta Gizarte Zientzietako titulazioetan.
Ara!Gorputzek neurri zehatzak ezartzeko exijitu die erakunde publikoei, eta eskubide menstrualak gizarte osoari dagokion konpromiso partekatu gisa irudikatu ditu kanpainan hilekoaren fluxu gorriaren bidez. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Sailaren dirulaguntza jaso du, eta hainbat eragileren babesa izan du zabalkundean, hala nola BDSKoop elkartea, Antxeta Irrati Komunitarioa, La vida en Rojo elkartea, Menstrualmente Hablando proiektua, Risem sarea eta Debako Udala. Tokiko mailan, kooperatibak tamaina handiko kartelak jarriko ditu Irungo hainbat autobus-markesinatan, esku-orriak banatuko ditu eta eskubideen berri ematen duen bideo bat zabalduko du, material guztia herritar zein eragileen eskura utziz eta info@aragorputz.eus helbidea egokituz informazio gehiagorako.



