Irunek ia 30 jarduera antolatu ditu Azaroaren 25aren harira

Irungo Udalak eta hiriko mugimendu feministako hainbat elkartek programa zabala prestatu dute aurten ere azaroaren 25aren —Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren— inguruan. Cristina Laborda Irungo alkateak eta Maite Cortina Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak egitarauaren xehetasunak aurkeztu dituzte prentsaurrekoan, programazioa osatzen parte hartu duten eragileekin batera: Irungo Emakumeen Etxea Elkartea, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Uxoa, Argoiak, Parean Elkartea, M8 Asanblada, Irungo Hezkidetza Mahaia, Txingudi Elkarte Feminista eta Berdintasun Batzordea.

Labordak nabarmendu du azaroaren 25a ahotsa altxatzeko eguna dela, baina borroka hori ezin dela egutegiko data bakar batera mugatu: «Erakundeek eta gizarte osoak egunero mantendu behar dugun konpromisoa da. Alkate naizen aldetik, nire konpromisoa da lanean jarraitzea Irun izan dadin hiri bat non emakume guztiak libre, seguru eta beldurrik gabe bizi ahal izango diren». Ildo beretik, Maite Cortinak gogorarazi du ezin dela indarkeria mota bat bera ere normalizatu, eta berdintasuna zein prebentzioa urteko 365 egunetan landu beharreko «erantzukizun partekatuak» direla, bai emakumeen bai gizonen inplikazioarekin.

Hilabete baino gehiago luzatuko den egitarauak dagoeneko eman ditu lehen urratsak azaroko lehen hamabostaldian —tailer, zinema-proiekzio, hitzaldi eta nazioarteko topaketekin—, eta datozen egunetan hitzordu nagusiak hartuko ditu. Igande honetan, azaroak 22, indarkeria matxistaren aurkako triatloi solidarioa egingo da (Txingudi Elkarte Feministak, Hendaia Uretan eta Emeki elkarteek antolatuta), eta Olatz Eizagirrek hitzaldia emango du Palmera Monteron (17:30). Azaroaren 23an ikus-entzunezkoen txanda izango da: Solo mía (17:00, Uxoa elkartean), Asun Casasolari buruzko Por todas lana (18:00, Palmera Monteron) eta Pa’lante es pa’llá dokumental autobiografikoa (18:00, Emakumeen Etxean). Hilaren 24an, berriz, ‘Tote bag 25N’ tailer mistoa (Emakumeen Etxean) eta Figuras ocultas filmaren proiekzioa (16:30, San Migeleko Adinekoen Gunean) izango dira.

Azaroaren 25ean bertan, Udalak adierazpen instituzionala onartuko du, puntu morea jarriko du udaletxeko balkoian, eta elkarretaratzea zein kantu feminista egingo dira San Juan plazan (13:15). Arratsaldean, zinema-emanaldiak (Belaskoenean eta Katean), Asun Casasola lehiaketako kontakizunen irakurketa dramatizatua Argoiak elkartean (17:00) eta eztabaida Iraso gunean (18:00) izango dira; gainera, egun horretan bertan abiatuko da Asun Casasola kontakizun lehiaketaren 12. edizioa, otsailaren 8ra arte.

Egitarauak azaroaren 25aren ostean ere jarraituko du abenduaren 5era arte. Hilaren 26an indarkeria matxistei buruzko mahai-ingurua egingo da Palmera Monteron (18:00), eta 27an ‘Elkarrizketa Feministak’ zikloko solasaldi bat hartuko du Emakumeen Etxeak (18:30). Larunbatean, azaroak 28, hirigintzari eta generoari buruzko hitzaldia eskainiko du Naroa Gonzálezek Palmera Monteron (10:30), eta Escenas de Igualdad antzezlana taularatuko dute Amaia KZn (19:00). Azkenik, abenduaren 5ean itxiko da programa Palmera Monteron, Susana Rodríguezen hazkuntzari buruzko hitzaldiarekin (10:30) eta Olatz Eizagirrek zein Naroa Gonzálezek Ahalduntze Eskolaz eta ekonomia jasangarriaz eskainiko duten saioarekin (16:00). Jarduera guztien egutegi zehatza www.irun.org webgunean kontsulta daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude