Irungo Udalaren 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuak orain arteko errekor guztiak hautsi ditu. Urriaren 2tik 6ra bitartean irekitako epean, Irun Txartelaren bidez, guztira 12.651 boto jaso dira (3.063 herritarren partaidetzarekin), iazko datuak nabarmen hobetuz. Udalak jakinarazi duenez, 1.500.000 euroko diru-saila erabiliko da herritarrek aukeratutako proiektuak gauzatzeko: 1.300.000 euro prozesu orokorreko ekimenetarako izango dira, eta gainerako 200.000 euroak hiriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteen proposamenetarako gordeko dira.
Jon Ugarte Gobernu Irekirako eta Herritarren Arretarako ordezkariak emaitza hauen garrantzia azpimarratu du, aurtengo partaidetza % 27,4 hazi baita: “Errekorra hautsi izana partaidetza prozesua inoiz baino biziago dagoen adierazgarri da. Herritarrek hiriaren bilakaerarako ekimen baliotsutzat dute, eta babestu egiten dituzte gure espazio komunak hobetzeko proiektuak”. Ugarteren hitzetan, entzute aktiboa da irundarrek nahi duten hiria eraikitzeko prozesu honen oinarria.
Prozesu orokorrari dagokionez (11.582 boto jaso dira aurten), hiriko kiroldegien mantentze-lanak hobetzea izan da aukera bozkatuena, 989 botorekin eta 200.000 euroko aurrekontu estimatuarekin. Horren atzetik lehenetsi dira San Miguel-Anaka inguruan aire zabaleko igerilekuak instalatzeko proiektua idaztea (973 boto, 300.000 euro), hiriko argiteria orokorra berritzea (945 boto, 300.000 euro) eta bertako zuhaitzekin berdegune berriak sortzea (859 boto, 100.000 euro). Segurtasunari lotuta, Antzaran, Alberto Anguera, Hondarribia eta Lucas de Berroa parkeetan bideozaintza-kamerak jartzea (25.000 euro) ere behin betiko zerrendan sartu da.
Gazteentzako prozesu espezifikoan, bestalde, 1.069 boto eman dira aurten, eta hautatutako ekimen nagusiak aisialdiari eta kulturari lotuta daude zuzenean. Boto gehien jaso dituen proposamena Elektroplaza 2027 festibala izan da (118 boto eta 30.000 euroko kostua). Horren ondotik nabarmendu dira berbenak antolatzea (108 boto, 10.000 euro) eta gazteentzako kontzertu, podcast nahiz proposamen eszenikoen zikloa (95 boto, 50.000 euro). Halaber, udako uretako jarduerak (surfa, coasteeringa) eta etxebizitza eredu berriei begira ‘coliving’ modalitateen inguruko azterketa bat egitea ere babestu dute gazteek.



