Irungo Tokiko Gobernu Batzordeak Luis Mariano eta Irasoko adinekoen gizarte-zentroetako taberna eta jatetxe zerbitzua berriro martxan jartzeko kontratuaren esleipena onartu du. Erabaki honi esker, bi zentro publiko hauetako erabiltzaileen eta hiriko adinekoen aspaldiko eskaera bati erantzuna emango zaio, zerbitzua berreskuratuz eta egoitzei ohiko funtzionamendua zein zerbitzu osoa bueltatuz.
Udalak 2025ean jarri zuen berriro abian zerbitzu honen lizitazioa, aurreko kontratua hutsik geratu ondoren. Kudeaketa bera errazteko eta sei urtez geldituta egon den jarduera berreskuratzeko helburuarekin, baldintza tekniko zein ekonomiko berriak ezarri ziren lizitazio berrian, kudeatzaileentzat bideragarritasuna bermatzeko eta zerbitzuaren kalitatea zein jarraitutasuna ziurtatzeko.
Ostalaritza zerbitzua berreskuratzeaz haratago, Luis Mariano eta Irasoko gune hauek ehunka irundarren eta adineko pertsonen topagune eta elkarbizitzarako gune nagusi izatera igaroko dira berriro. Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arlotik azpimarratu denez, taberna eta jatetxe hauen berrirekierak harreman sozialak sendotzen eta bakardadeari aurre egiten lagunduko du, adinekoei elkartzeko eta jarduerak partekatzeko espazio hurbil nahiz erosoa eskainiz beren egunerokoan.



