Irun Zuzenean Zikloak aurrera jarraitzen du asteburu honetan CBA Kultura eta Sormen Zentroan musika proposamen berri eta indartsu batekin. Hueccok San Juan plazan emandako doako kontzertuaren ondoren, bihar larunbatean, urriak 10, Jimena Amarillo eta Biznaga igoko dira eszenatokira 21:00etik aurrera, gazteei bereziki zuzendutako gaualdian.
Valentziako indie, elektronika zein pop unibertsoko ahots berezienetakoa den Jimena Amarillo kantaritza berritzailea izango da eszenatokira igotzen lehena. Jarraian, Biznaga talde madrildarrak hartuko du txanda, gaur egun Espainiako punk rock garaikidearen erreferente nagusietako bat dena. Gainera, musika eskaintza CBAko IrekiART espaziora ere zabalduko da, DJ Aimar irundarrak deep house eta tech house doinuekin saioak eskainiko baititu kontzertuen aurretik nahiz ondoren.
Asteburuko kontzertuen atarian
Jaialdiaren atarian, gaur bertan, ostirala (urriak 9), Igor Paskual musikariak masterclass berezia eskainiko du Irun Zuzenean aretoan, 20:00etan hasita. Ordu eta erdiko saio dinamiko honetan, Paskualek rockaren historia laburtua eskainiko du umoreaz, imitazioez eta berrogeita hamar abesti baino gehiagoren zatiez baliatuz, bertaratutakoei musikaren historiako abesti handiak nola konposatu ziren erakusteko asmoz.
Urria osoan zehar estilo eta espazio ezberdinak uztartzen dituen ziklo honetako kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko udalaren webgunean. Bihar larunbateko saioak 5,65 euroko prezio berezia izango du GazteARTEan txartelarekin. Irun Rock festibaletik jaio zen egitasmo honek Pipiola, Carlos Sadness, La Paloma, La Habitación Roja, Garazi Esnaola eta Amaia Mirandaren emanaldiekin jarraituko du hilabetean zehar. Kontzertuetarako sarrera solteez gain, Udalak 40 euroko txartel orokorra eta 30 euroko txartel hobariduna (langabetuentzat, gazteentzat edo familia ugarientzat) jarri ditu zaleen eskura ikuskizun guztiez gozatu ahal izateko.



