Irungo Udalak datorren irailaren 10ean, osteguna, emango dio hasiera 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen hamabigarren edizioari, Palmera Montero gunean arratsaldeko 19:00etan egingo den lehen bilera presentzialarekin. Guztira 1,5 milioi euro gordeko dira herritarren ekimenetarako; horietatik 1,3 milioi euro prozesu orokorrerako erabiliko dira eta gainerako 200.000 euroak gazteen berariazko prozesura bideratuko dira.
Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Herritarren Partaidetzako ordezkariak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez, ekimen hau lehen mailako baliabidea da irundarrek hiria hobetzeko proposamenen bidez hitza eta botoa izan ditzaten.Prozesuan 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, baita 16 eta 30 urte bitarteko gazteek ere, bi kanaletan zein prozesuetan parte hartzeko aukera guztiz irekia delarik.
Aurrekontuen egutegia
Herritarrek beren proposamenak udal webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dituzte irailaren 11tik 15era bitartean. Online jasotako egitasmoen artean aurre-bozketa bat egingo da irailaren 28tik 29ra Irun Txartelaren bidez, eta bertatik hobekien baloratutako 13 proiektu igaroko dira azken fasera. Bestalde, irailaren 10eko aurrez aurreko bileratik boto gehien lortzen dituzten 3 proposamen hautatuko dira. Horiei Auzo Elkarteen Federazioak egindako hiru proposamen eta Herritarren Foroaren bat gehitu zaizkie, guztira 20 proposamen finalista osatu arte. Gazteen prozesuan, berriz, proposamenak online soilik jasoko dira eta Eskola Agendako, Gazteria Zerbitzuko nahiz Irun Bixi Foroko egitasmoekin osatuko dira.
Proposamen guztiak zerbitzu teknikoek baloratu ondoren, azken bozketaren txanda iritsiko da urriaren 2tik 6ra bitartean udal webgunearen bidez. Herritarrei parte-hartzea errazteko asmoz, Udalak bi karpa jarriko ditu hirian: lehenengoa informatiboa izango da eta irailaren 9an egongo da Jenaro Etxeandia plazan, 18:00etatik 20:00etara; bigarrena, berriz, urriaren 2an jarriko da Zabaltza plazan ordu berean, online bozketan laguntzeko. Horrez gain, HAZen eta adinekoentzako zentroetan ere laguntza-puntuak prestatuko dira bozkatzeko epe horretan.



