Irungo Udalak, Gizarteko Ongizateko arloaren bitartez, Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko ekintzak antolatu ditu hirian. Egun hau mundu mailan maiatzaren 21ean ospatzen da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2003an hala erabaki ostean.
Gizarte Ongizateko ordezkari Nuria Alzagaren esanetan, “Udalak hamarkada baino gehiago darama bizikidetza etengabe hobetzeko eta herritarren kultura aniztasuna kudeatzeko lan egiten, arrakasta handiz, eta, horren adierazgarri, badu proiektu aitzindari bat, kulturarteko bitartekaritza zerbitzua: 2006an egin zen proba pilotua, eta, ordutik, etengabe jardun du”.
Ildo horretatik, Alzagak erantsi duenez, “mende hasieran, aniztasunaren kudeaketa beharrezkoa zen, baina, orain, are beharrezkoagoa da, inoiz baino beharrezkoagoa, oraindik ere atzerritarrak iristen baitzaizkigu udalerrira eta irundarren jaiotzatiko kultura aniztasuna gero eta handiagoa baita. Bada, aurrerantzean ere halakoxea izango da, eta gure gizartea aberastuko du, eta Irunen berezko aniztasuna areagotuko. Azken batean, askotariko kulturak bizi izan dira Irunen, egun ere bizi dira, eta etorkizunean ere biziko dira”.
Aste osoko egitaraua
Esan bezala, maiatzaren 21a da Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna, baina Gizarte Ongizateko Arloak aste osoko egitarau bat prestatu du, kultura aniztasunaren inguruko jarduerez betea:
- Maiatzaren 22an, asteazkenarekin, 11:00etatik 14:00etara bitartean, Gazteria Departamentuaren eskutik, mundialito antirrazista jokatuko da, Artiako futbol zelaian; Gazte eta Nerabeen Foroaren ekimen bat, El Pilar eta Toki Alai ikastetxeetako DBHko ikasleak dituena buru, zeinetan institutuetako ikasleek ez ezik kirol taldeek ere parte hartuko duten.
- Maiatzaren 23an, 17:00etan, Zubia gizarteratze zentroaren (eta bitartekaritza taldearen) kudeatzaile Emaús Fundazioarekin elkarlanean, “Irun, hiri irekia” hitzaldia emango da, zentroko erabiltzaileentzat eta eragileentzat, zentroan bertan. Parte hartu nahi dutenek gonbidapena beharko dute.
- Maiatzaren 24an, 17:30ean, Palmera-Montero Gunean, Nerea Kortabitarte idazleak “Baloreak” izeneko ekimena dinamizatuko du: jatorri desberdineko hamabi ikaslek euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko beste horrenbeste poema irakurriko dituzte, Bidasoa zeharkatu nahi dutenen istorioak kontatzen dituztenak, eta, bitartean, eskualdeko beste horrenbeste artistaren irudiak proiektatuko dira. Behin irakurraldia bukatuta, hiru ilustratzailek eta bi begiralek kultura aniztasunaren inguruko hiru tailer gidatuko dituzte, aldi berean, eta, ondoren, hiriko catering enpresa batek askari txiki bat eskainiko du. Parte hartu nahi duten familiek helaraziko zaien estekaren bitartez eman dezakete izena.




