Aurrekontu parte hartzaileen prozesutik ateratako hemezortzi proposamen onartu ditu udalak

Udalaren arabera, parte hartzeak gora egin du, iazko datuekin alderatuta.

Urriaren 16an amaitu da udal aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko epea. Prozesu orokorrean, hamahiru egitasmo bozkatuenek jasoko dute partida ekonomikoa, 2018ko aurrekontuetan, 1.276.000 euroko kostuarekin (1,3 milioi eurokoa zen muga). Gazteei zuzendutako zazpi proiektutara, 216.000 euro bideratuko ditu udalak, kontuan hartuta, prozesu orokorrean soberan gelditu diren 24.000 euroak erantsi dizkiola.

Udalak baieztatu du parte hartzea %20,67 handitu dela, joan den urteko datuekin alderatuta. 864 parte hartzaile izan dira prozesu orokorrean, eta 716 izan ziren iaz. 3.103 boto eman dituzte, guztira, joan den urtean baino 816 gehiago. Gazteen prozesuan 96 parte hartzaile izan dira, iazko 78en aldean. Horrek %23,7ko igoera dakar. Gazteek boto gutxiago eman dute aurten, ordea. 243 izan dira, eta 347 joan den urtean. 16-30 urte arteko irundarrek parte hartu ahal izan dute prozesuan.

Datuen balorazio baikorra egin du Pedro Alegre Hiritarren Parte Hartzerako udal ordezkariak: “Parte hartzearen igoera nabarmendu nahi nuke. Ez da lehen edizioetako kopuruetara iristen, baina joan den urteko datuekiko emendatzea esanguratsua da. Gogora dezagun, aldaketa handiak izan zirela iaz, bozkatzeko Irun Txartela erabili behar izan zelako lehen aldiz, NANa beharrean”.

Prozesuaren nondik-norakoak

Bi atal nagusi eduki ditu aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak. Aurrez-aurreko hiru jardunaldi egon dira irailaren 13, 18 eta 21ean. Horietan, hiritarrek euren proposamenak egin dituzte. Ondorengo baldintzak bete behar izan dituzte proposamenek: urte betean egiteko modukoak, Irungo Udalaren eskumenekoak eta interes orokorrekoak izatea. Bigarren fasean, bozka eman ahal izateko, Irun Txartela erabili behar izan dute hiritarrek.

Prozesuaren inguruko polemika izaten da urtero, eta aurten ere, parte hartu nahi izan ez duenik ere egon da. Katea-Landetxa Auzo Elkarteak, ondorengo azalpena eman du: “Beste eredu bat sustatu beharko litzateke, non parte hartze zuzena eta eztabaida oinarrizko ardatzak izan beharko luketen. Ez orain gertatzen den moduan: kolektibo batzuei interesa dakieken proposamenak bozkatzeko guda bat dirudi, herri osoaren interesentzat lehentasuna duten aztertu eta eztabaidatu gabe”.

Datu zehatzak jasotzen dituztenean, analisi sakonagoa egingo dutela baieztatu du Pedro Alegre zinegotziak, hurrengo edizioei nola aurre egin aztertzeko. Beti ere, aurrekontu parte hartzaileak indartzeko proposamenak jasotzeko prest daudela nabarmendu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude