Hiriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko erosketa bonoak

Irungo Udalak Irun Aurrera bonoak aurkeztu ditu, alarma egoerak eragindako geldialdi ekonomikoaren ostean, gertuko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburuarekin. Udalak martxan jarritako kanpainara batu diren saltoki, taberna zein jatetxeetan hiritar irundarrek bono hauek erabiltzeko aukera izango dute.

Guztira, 15.000 izango dira abuztuaren 31era arte erabilgarri izango diren bonoak. Berezitasun gisa, bonoek ez dute inolako formatu fisikorik izango eta deskontuak erabili ahal izateko, hiritarrek NAN zenbakia eman beharko dute denda bakoitzean. Programa informatiko baten bitartez kontrolatuko da bonoen erabilera.

Bono bakoitzak 10 euroko balioa izango du. Bonoak erabili ahal izateko Irunen erroldatua egoteaz gainera, 16 urtetik gora izatea ezinbestekoa izango da. Irundar bakoitzak 10 bono erabiltzeko aukera izango du eta gehienez denda berean 2 bono erabili ahalko dira. Merkataritzaren kasuan, 30 euroko erosketa minimo bat egin beharko da bonoak erabili ahal izateko, bezeroak soilik 20 euro ordainduko dituelarik. Ostalaritzaren kasuan, berriz, erosketa minimoa 20 eurokoa izan beharko da eta bezeroak 10 euro ordainduko ditu bakarrik.

Era horretan, ezingo dira pertsona ezberdinen bonoak elkartu ordainketa bakarra ordaintzeko. Hau da, erosketa berean pertsona bakar baten bonoak erabilia ahalko dira soilik. Gainera, ekimen honetatik kanpo gelditzen dira bakarrik edari alkoholikoen kontsumoa helburu- tzat duten erosketak.

Ekimenera atxikitutako 100 saltoki baino gehiago
Bidashop eta Mugan elkarteen lankidetzari esker, hiriko saltoki guztiei ekimenera batzeko oinarrizko informazioa helarazi zaie, bonoen erabilera kontrolatzen duen aplikazio informatikoa arazorik gabe erabiltzeko aukera izan dezaten. Guztiz, 137 saltokik izena eman duten Irun Aurrera bonoen ekimenean parte hartzeko. Horrela, ekimenean parte hartzen duten saltokiei bereizgarri bana banatu zaie, Irun Aurrera Bonoen kanpainako partaide direla adierazteko. Ekimenera atxikitutako saltokiak babesteko, bezeroek erabilitako bonoak astero trukatu ahal izateko lanean ari da udala, horrela, kanpainaren amaierara itxaron gabe, saltzaileek dirua aste batetik bestera berreskuratzeko aukera izan dezaten.

Irun Aurrera bonoen kanpainak 150.000 euroko aurrekontua du eta udazkenean bigarren bono kanpaina bat martxan jartzea aurreikusita dago. Ekimenera Irungo saltoki txiki eta ostalaritza establezimenduek batzeko aukera izan dute, 400 m2-tik gorako elikagai eta edarien dendak, gasolindegiak, estankoak eta enpresa handien filialak edo ezarpen nazional edo nazioarteko handiko enpresak kenduta.

Aurreko ekintzak
Aurretik Irun Aurrera ekimenaren barruan, konfinamenduan zehar “Irun Etxetik” izeneko lehiaketa batzuk martxan jarri ziren sare sozialen bitartez. Lehiaketa horietan 255 erosketa-txartel banatu ziren 6.500 euroko aurrekontuarekin, hiriko saltoki eta ostalaritza establezimenduak sustatzeko helburu bera jarraituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude