Tortilla Irundarra berriro ezagutarazteko egitasmoa

Inaxio Muguruza Atalaia jatetxeko sukaldaria eta Anaka Kofradia Tortilla Irundarra ezagutarazteko lanean dabiltza. Orain dela 4 hilabete ekin zioten irundar gastronomiako plater honen errezeta berreskuratu eta berriro eskualdeko sukaldetara eramateko helburuarekin. Momentuz, Tortilla Irundarra Atalaia jatetxeko neguko menuan dastatu daiteke.

Tortilla Irundarraren lehen erreferentzia 1930. urtekoa da, Ignacio Domench sukaldari katalanaren “La Cocina Vasca” liburuan aurkitzen den errezetarekin. Ondoren, 1964. urtean, Euskal Gastronomiaren Kofradiaren Buletinean, José María Busca Isusi presidentea zenean, Bigarren urteko 1 Koadernoan, Ignacio Domenech-en liburuko errezetari erreferentzia egiten zaio. Horren ostean, Ana María Calera edo Juan José Lapitzek idatzitako liburuetan irakur daitezke liburu honen erreferentziak. Mikel Corcuera Ulaica, kritiko gastronomikoak, Tortilla Irundarraren inguruan egindako lana “Ondo Jan” aldizkarian argitaratu zuen 2018. urtean. Kritiko gastronomikoak artikuluan aipatzen duenez, Jaizubia jatetxe Irundarrean probatu dastatu zuen Tortilla Irundarra Jesús Mangas jatetxeko jabekide eta Manuel Iza sukaldariaren eskutik.

 Osagai eta elaborazio sinplea
“Tortilla Irundarra egiteko osagaiak Bidasoa inguruko baratz eta mendietan aurki daitezke” Inaxio Muguruza Atalaiako sukaldariak azaldu duenez. Hauek dira Tortilla Irundarra egiteko beharrezkoak diren osagaiak: 8 arrautza, Bayona izenez ezagutzen den urdaiazpikoaren 200 g., 4 piper berde, tipula txikitu bat, 300g. onddo, perrexila, 2 baratxuri-ale eta gatza. Bayona urdaiazpikoa eskualdeko baserrietan egin ohi zen urdaiazpiko bigun eta goxoa da, usain berezia izan ohi zuena, txerriak baserri inguruko elikagaiekin elikatzen baitziren. Gainera, Tortilla Irundarra ogi txigortuarekin lagundu daiteke. Juan José Lapitz gastronomoak 2017. urtean hil aurretik aipatu zuenez, Irungo Alde Zaharreko Irureta jatetxean tortilla hau jan izana gogoratzen du, baina, aipatutako osagaiez gainera, bertan, ganbekin prestatzen zuten. “Tortilla Irundarra egiteko osagaiak Bidasoa inguruko baratz eta mendietan aurki daitezke”, azaldu du Atalaiako sukaldariak.

Inaxio Muguruza Atalaiako sukaldariak
Osagaiak bezala, Tortilla Irundarra egiteko prozedura oso sinplea da. Inaxio Muguruzak azaldu duenez, lehen pausua baratzeko tipulin bat sueztitu behar da piper berdeekin batera. Piper berdea pipermin freskoekin ordezkatu daitekeela adierazi du Inaxiok. Jarraian, Erlaitz edo Jazikibel inguruan bildutako onddoak bota eta azken urratsa baserriko arrautzak gehitzea izango da. Inaxio Muguruza sukaldariaren ustez, errezeta honen sekretua osagaiak gutxi kozinatzea da.

Iraganetik orainaldira
Agustín Morate, Anaka Kofradiako ordezkariaren hitzetan, “iraganean Tortilla Irundarra Jaizubia, Irureta eta Morondo bezalako jatetxeetan jan zitekeen”. Hortaz gain, Inaxio Muguruzak azpimarratu duenez, iragan hurbilean Tortilla Irundarra San Martzial eguneko hamaiketako gisa prestatzeko ohitura zegoen, nahiz eta gaur egun ekainaren 30ean jendeak aurreko egunetan prestatutako baratxuri zopak, kalimotxoa edo txistorra prestatzeko ohitura duen. Atalaiako sukaldariaren iritziz, eskualdean ibilbide luzea izan duten errezetak bizirik mantentzea oso garrantzitsua da. Izan ere, “Tolosako teila guztiok ezagutzen ditugu, baina, tristea da bertako jendeak Tortilla Irundarra zer den ez jakitea”. Horretarako, Inaxio Muguruzak aipatu du, “sinpletasunean, hurbiltasunean eta kalitatezko produktuetan zentratu behar gara”.

Aro berri honetan, Tortilla Irundarra berriro Bidasoako mahaietara itzultzea da Anakako Kofradiako kideen eta Inaxio Muguruza sukaldariaren helburua. Tortilla Irundarra egiteko osagaien eta prozeduraren sinpletasunak errezetaren berreskurapenean lagundu dezakeela uste dute. “Adibidez, Real Unioneko Davided bere pintxoen arten Tortilla Irundarra sartzea asko gustatuko litzaidake”, adierazi du Inaxio Muguruzak. Gainera, Tortilla Irundarra modu askotan aurkez daitekeela azpimarratu du Agustín Morate Anaka Kofradiako ordezkariak, platerean aurkezteaz gainera, Inaxio Muguruzak edalontzi txikietan sartzera ausartu baita. Era berean, pandemia iritsi aurretik hirian Tortilla Irundarraren aurkezpen bat antolatzeko asmoa zuten egitasmo honen bultzatzaileek, , baina, jardueraren antolaketari aurrerantzean ekin beharko diote berrio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude