Abenduaren 15ean amaitu zen Irun.Market tokiko saltokien online plataforman erosketak deskontuarekin egiteko kanpaina, eta gaur jakinarazi dituzte Irungo merkataritzaren aldeko ekimen honen datu zehatzak eta azken balantzea. Zehazki, 342 eskaera egin dira, eta Irungo merkatariek 1.347 artikulu saldu dituzte.
Irun.Marketeko bonuei esker, irundarrek deskontuak izan dituzte web plataforma horri atxikitako dendetako produktuak erostean. 700 herritarrek eskatu dituzte deskontu-kodeak eta, azkenean, 686 kode erabili dituzte guztira. Horrela, Udalak 6.860 euroko ekarpena egin du kanpaina honetan. Horri kontsumitzaileen egindako 15.779 euroko gastua batuta, tokiko ekonomian izandako eragina 22.639 eurokoa izan da, establezimenduen alde.
Egindako salmentei dagokienez, elikagaien eta edarien sektoreak lortu ditu daturik onenak, erosketa guztien % 63 hartuta. Aipagarria da plataforman parte hartzen duten arrandegiek 158 eskaera jaso dituztela, bakoitzari dagokion deskontuarekin. Pertsonentzako ekipamenduen atalean erabili da kodeen % 25. Zehazki, 172 deskontu-bonu erabili dira Irungo dendetan modako produktuak, zapatak eta bitxiak erosteko.
Lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkariaren hitzetan, «Udalarentzat ezinbestekoa da laguntza eskaintzea aldaketa teknologikoen eta kontsumo-ohitura berrien aurrean beren burua egokitzeko hautua egin duten Irungo merkatariei, eta uste dugu kanpaina hau horretarako bitarteko aproposa izan dela. Oso harrera ona izan du, hala herritarren nola tokiko merkatarien artean. Irundarrek deskontuak baliatu ahal izan dituzte gastu handiak egin ohi diren urte sasoi honetan nork bere etxetik bertatik, eta tokiko merkatariek salmentarako beste esparru batzuk esploratu eta bezeroak fidelizatu dituzte, baita beste berri batzuk erakarri ere».
Plataformari atxikitako Irungo saltokiek ekimenaren balorazio positiboa egin dute, eta pozik agertu dira emaitzarekin. Izan ere, deskontu-kanpainari esker, bezero gehiago lortu dituzte, eta lehendik ere bazituztenak fidelizatu. Salmentak handitu egin dira, baita market placeko bisitak ere eta, ondorioz, plataformaren irismena nabarmen handitu da. Gero eta irundar gehiagok ezagutzen dute Irun.Market, eta gero eta saltoki gehiago atxikitzen dira ekimenera.
Miguel Ángel Páezen esanetan, «zifra hauek, 22.639 € salmentetan, erakusten duten Irun Marketek aukera ematen duela saltokiaren erakusleihoa establezimendutik harago zabaltzeko. Plataformaren bidez egindako erosketen goraldi honek aukera ematen digu olatuaren gainean jarraitzeko. Irungo merkataritza lokalak garai berrietara egokituta eboluzionatu behar du, eta deskontu-bonuen kanpaina honek apustu horren alde egiten jarraitzeko balio izan du gutxienez».
Irun.Market hiriko merkataritzaren online plataforma da, eta hainbat aukera eskaintzen ditu: produktuak dendan bertan jasotzea edo etxera eramatea (astelehenetik ostiralera), produktu freskoak barne, baita eskualdeko edo estatuko beste puntu batzuetara bidaltzea ere. Hiri barruko banaketetarako, jasangarritasunaren aldeko apustua egin da, eta etxez etxeko entregak bizikletan banatzen ditu Badoa kooperatibak.