Zaisa Txingudik Bera Bera B hartuko du ekitaldiz beteriko larunbatean

Errugbia izango da protagonista, beste behin, Plaiaundiko zelaian datorren larunbatean, hilak 13. Eskola Kirola programaren baitan klubak eskualdeko hainbat eskolekin batera antolatu dituen errugbi hastapen jarduerei hasiera emango zaie. 9:00etatik 11:30era egingo da, eta helburua da obalaren kirola lehen hezkuntzako haurrei hurbiltzea, hainbat ariketaz osatutako gymkana baten bidez. Hilabete honetan egingo den bigarren saioa izango da; joan den astean, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 200 haur baino gehiago igaro ziren Plaiaundiko berdegunetik eta azaroaren 27an beste bat egitea aurreikusi da.

16 urtez azpiko taldea

12:00etatik aurrera, haurren taldeak hartuko du lekukoa Durangoren aurkako partida jokatuz. Talde horrekin berdinduta daude sailkapenean, nahiz eta talde bizkaitarrak partida bat gutxiago izan. Sylvain Lapeyre, Asier Gonzalez eta Ekaitz Aiak entrenatutako taldeak indartsu ekin dio ligari, lehen 3 partidetatik 2 irabaziz, puntu kopuru handia lortu, eta horrek euskal ligako B multzoko hirugarren postuan kokatzeko balio izan die.

Durango talde gogorra da eta antzeko zenbakiekin hasi da txapelketa, baina aurreko astean atseden hartzeko aukera izan du. Hori handicap bat izan daiteke Txingudirentzat, espero dezagun Plaiaundin jokatzeak eta klubeko jendearen sostenguak, motibazio plus hori ematea gureei eta partida hau aurrera eraman dezatela.

Seniorren partida garrantzitsua

Azkenik, 16:00etatik aurrera, Zaisa Txingudik Bera Bera B hartuko du; taularen behealdea partekatzen dute bi taldeek eta aurten gainditu beharreko aurkarietako bat da. Donostiarren aurkako partidak oso lehiatuak izaten dira, oso parekatuak, kontaktu handikoak, baina aldi berean anaitasunezkoak.

Iñigo Camarerok plantilla oso murriztua izango du oraindik bajengatik, baina jarrera oso baldintza txarretan mantentzen dituela erakutsi du. Bi talde hauen arteko azken partidan, denboraldi-aurreko lehena izan zena, beltzezko taldeak 14-8 irabazi zuen, Rodri Combina eta Alejandro Lasak sartutako bi entsegu eraldaturi esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude