Irungo Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 10ean, ostiralarekin, arratsaldeko lehenengo orduan, Lluís Companysen omenezko plaka bat jarriko da Abenida zubian, 1940an zubian bertan frankismoari entregatu ziotela gogorarazteko. Irungo
alkate José Antonio Santano eta Kataluniako Generalitateko Justiziako kontseilari Lourdes Ciuró ekitaldian parte hartzekoak dira.
Irungo Udalak Abenida zubiko barandaren zati bat eman zion Kataluniako Generalitateari, eta, aurtengo abuztuan, El Tarròsen (Lleidan), dohaintza jendaurrean aurkezteko ekitaldia egin zen, Memoria Historikoko udal ordezkari Santi Jiménez zela bertan. Bada, plaka oroigarria jartzeko ekitaldia aurkezpen horren jarraipena da. Dohaintza zein plakaren ezarpena Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak aurkeztu eta Udalbatzak 2020ko abenduan onartutako mozio baten emaitza dira.
QR kodedun plaka
Abenida zubian Lluís Companysen omenez egongo den oroigarri iraunkorra izango da plaka, eta, gainera, QR kode bat izango du, interesa duten guztiak beren gailu mugikorrak erabiliz Memoria Historikorako Udal Bulegoaren webgunean sar daitezen. Uda bukaeran ireki zen bulego hori.