Familia ta Lagun otsailaren 11rako proposamen berri batekin dator. “Sukaldatu dezagun” tailerraren bitartez ondo pasatzeko eta sukaldeaz gozatzeko aukera eskaini nahi diete 4 eta 11 urte arteko haurrak dauzkaten familiei. MasterChef erako ekintza honetan haurrek eta beren familiek sukaldean duten talentua deskubrituko dute.
Tailerra otsailaren 11n, ostiralean, egingo da Martindozenea Gaztelekuan goizeko 11:00etatik 13:00etara. Tailerrean izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 3tik 8ra. GazteARTEan eta Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak elkarlanean antolatutako doako ekintza izango da. Hala ere, bertan parte hartzeko Irungo Udalaren webgunean izena ematea beharrezkoa izango da.
Familia ta lagun
Familia ta Lagun 4 urtetik 11 urtera bitarteko haurrentzat eta haien familientzat sortutako programa bat da. Programaren helburua da familiak aisialdiaz gozatzeko gune bat izatea, sormena lantzeko jarduera atsegingarrien eta hezigarrien bitartez (ur kirolak, yoga, familychef, paseoak bizikletan…).