Irungo Udaleko Kultura Arloak Ribera beken seigarren edizioko deialdiaren emaitzaren berri eman du. Ribera beken helburua Bidasoa ibaiari eta memoria historiko eta muga kontzeptuei buruzko ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea da.
Ribera bekek ez dute parekorik inguruan. Diruz laguntzen diren proiektuek badute ezaugarri komun bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, arte ederren esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. Gainera, bekek badute berezitasun bat: ikerketaren emaitzak artistikoa izan behar du, edozein diziplinatakoa; edonola ere, bereziki, alde soziala eta partaidetza prozesuak baloratzen dira.
Aurreko edizioetan, antropologia gaiak ziren proiektuen muina, baina, aurreko ediziotik aurrera, beste diziplina batzuetako proiektuak ere aurkez daitezke, hala nola geografiaren, soziologiaren, nazioarteko harremanen, biologiaren eta ingurumen zientzien esparrukoak, ikuspuntu humanizatutik betiere.
Honako hauek dira aurtengo proiektu irabazleak: “Fabricar un cuerpo. Transformación y resiliencia en el pasado industrial del Bidasoa”, María Alcaide eta Eladio Aguilerarena, eta “Kristaldutako gorputzetan”, Irati Inoriza eta Juan Guti Verarena.
Proiektuen deskripzioa
María Alcaide artistak eta Eladio Aguilera ikertzaileak osatzen duten bikoteak Bidasoa ibaiaren ahoaren inguruko memoria eta haren iragan industriala berrikustea proposatzen du. Ikerketarako, leku eraldatzaile, aldatzaile, indartsu, gogor eta nortasun propioduntzat hartuko dute Irun; lan indibidual eta kolektiboarekiko, mugen arteko mugimenduarekiko eta istorio eta kontakizunen sedimentazioarekiko lotura handiko historia duen lekutzat. Bestalde, ikerketa bi bloketan banatuko da: lehenengoa Irungo eta Bidasoko historia industrialaren gainekoa izango da, eta bigarrena, langileen gorputzaren historia indibidualaren eta lurraldearen iraganaren arteko harremanaren gainekoa.
Planteamendu horren helburua langileen gorputz eta memoriaren garrantzia nabarmentzea da, langileak ezinbestekoak izan diren aldetik Bidasoa Beherearen atzoko eta gaurko nortasunaren eraikuntzan. Proiektuaren bukaeran, luzera ertaineko bideo bat emango da, eta aurkezpen performatibo bat egingo da, bertako produktuen dastaketa barne.
Irati Inoriza artista bisualak (Balmaseda, 1992) eta Juan Guti Vera ingeniari mekatronikoak (Burgos, 1989), urarekin eta airearekin erlazioa duten instrumentuen (instrumentu hidrauliko edo pegar txistulari direlakoen) azterketa historiko eta antropologikoan oinarrituz, bi elementu naturalen (uraren eta airearen) arteko elkarbizitzatik eta egungo aurrerapen teknologikoetatik sortzen diren soinu tresnak ekoizteko modu garaikideak esperimentatzea proposatzen dute.
Datozen bederatzi hilabetetan, prototipoak probatzen joango dira, eta, irailean, Bidasoa ibaiaren inguruan erakutsiko dituzte. Ikuspuntu feminista eta ingurumenarekiko sentibera batetik ekoitzitakoak izango dira. Bestalde, artistak zein ingeniariak nabarmendu dutenez, garrantzitsua da aukeratzen diren material eta formak. Izan ere, ekoizten diren elementuekin arduraz jokatu behar da; inoiz ez bezala agian, Lurrarekiko bizikidetzaren eta hura zaintzearen garrantziaren kontzientzia dago, eta taxutzen diren instrumentuak Irungo ekosisteman integratzea da asmoa.