Abuztuaren 6an Irunen Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da

Irungo Udaleko Kiroleko ordezkariak asteartean aurkeztu du herri kiroletako gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa. Abuztuaren 6an 11:30etik aurrera Urdanibia plazan egingo da eta, aurreko urtean bezala, Euskal Jiraren programazioan jaso da. Aurten, lehen aldiz, hiru emakumek emanaldi bat antolatu dute.

Borja Olazabalen arabera, “aurreko urtean oso ondo joan zen eta Irun txapelketaren gune izango da berriro ere. Ekitaldiz jositako hiria izaten jarraitu nahi dugu eta, kirolei dagokienez, inguruan Irun erreferentzia da askotariko mota txapelketa interesgarriak jasotzen. Baliteke ekintza hau berezienetariko bat izatea, herri kirolak baitira. Aurreko urtean bezala, ikuskizun aparta izango da”.

Probaren atalak

Pentatloiak 5 proba izango ditu. Partaide bakoitzak jarraian egin beharko ditu probak eta, proba bakoitza bukatu arte ezingo da hurrengoarekin hasi. Ziklo osoa azkarren egiten duenak irabaziko du.

Lehen proba harri jasotzea izango da, non partaideek 100 kiloko harri biribila 20 aldiz jaso beharko duten. Jarraian, giza proban, 2 plaza egin beharko dituzte 400 kiloko harria arrastaka eramanez, kontutan izanik plaza bakoitzak gutxi gorabehera 24 metro direla. Aizkorarekin 45 hazbeteko 2 enbor eta 54 hazbeteko beste bat moztu beharko dituzte. Ostean, txingetan, 4 plaza egin beharko dituzte 50 kiloko txingak eramanez. Azkenik, proba korrikaldiarekin amaituko da 2 kilometro korri eginez.

Gizonezko partaideak Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena, Xabat Olaizola eta Jagoba Otaegi dira. Emanaldia egingo duten emakumeak, berriz, Nerea Arruti, Amalur Arbelaiz eta Ane Zapirain dira.

Trafiko oharra

Proba egiteko, zirkulazioa moztuko da Urdanibia plazan. Zehazki honako hauek izango dira aldaketak: Korrokoitz kaleko zirkulazioa moztuko da eta, beraz, Uranzu kaletik datozen ibilgailuek aurrera jarraitu beharko dute; Ama Xantalen kaletik datozen ibilgailuek Urdanibia plazan ezkerretara egin beharko dute, Larreaundirantz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude