Irun Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketaren lekuko izan da

Irun Gipuzkoako Pentatloi Txapelketaren lekuko izan zen abuztuaren 7an. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolatutako txapelketa Euskal Jiraren 2022ko edizioaren barruan kokatu zen. Andoni Iruretagoyena, Izeta VI.a, izan zen Gipuzkoako lehenengo pentatloi txapelketan. Urdanibia plazara herri kirolzaleak gerturatu ziren Euskal Jira osteko igandean.

Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa goizeko 11:30etan hasi zen. Pentatloia bost probak osatzen dute: Harri jasotzea, Giza proba, Aizkora, Txingak eta Korrikaldia. Parte hartzaileek proba horiek jarraian egin behar izan zituzten, izan ere, proba bat bukatu arte ezin baitute hurrengoa hasi.

Pentatloi txapelketa harri jasotze probarekin hasi zen eta parte-hartzaile bakoitzak 100 kg-ko harri biribilarekin 20 altxaldi egin zituen. Jarraian, giza probaren barnean bi plazako luzeran, hau da, guztira 48m, 400 kg-ko harria arrastaka eraman behar izan zuten. Aizkoraren atalean 45 ontzako bi enbor eta 54ko beste bat moztu behar izan zituzten. Txingetan, lau plazako luzeran, 96 metroko luzeran, 50 kg-ko txingak eskuetan eraman zituzten. Azkenik, 2 km-ko korrikaldia egin ostean amaitutzat eman zen lehia.

Irabazlea Andoni Iruretagoyena, Izeta VI. izenez ezaguna dena izan zen, ziklo osoa 25 minutu 44 segundo eta 54 ehunekotan, denborarik laburrenean, egin zuen parte hartzailea izan baitzen. Aiakoaz gain, proban Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Andoni Iruretagoiena, Joseba Otaegi, Xabier Zaldua, Julen Gabirondo eta Aratz Mugerza lehiatu ziren. Eguzkia eta tenperatura altuak, ordea, kirolarien lehia zaildu zuten, txapelketak aurrera egin ahala Urdanibia plazan itzalak desagertu egin baitziren aurkariak eguzkitan utziz.

Norgehiagokan bigarrena, Xabier Zaldua izan zen, 26 minutu, 41 segundo eta 95 ehunekotan ibilbidea amaitu aurretik. Hirugarrena Julen Gabirondo izan zen 28 minutu, 57 segundo eta 95 ehunekotan burutu ostean. Iñaki Errazkin laugarren sailkatu zen 29 minutu, 32 segundo eta 94 ehunekoko denbora lortu ostean. Bosgarren postua Joseba Otaegirentzat izan zen 29 minutu, 48 segundo eta 28 ehunekoko denbora lortuta. Seigarrena Jagoba Otaegi izan zen 33 minutu, 12 segundo eta 45 minutuko denborarekin. Irunen ospatutako Gipuzkoako Pentatloi Txapelketaren sailkapenean azkena Aratz Mugerza izan da 34 minutu 24 segundo eta 42 ehuneko denborarekin.

Hiru zatitako lehia
Irungo Pentatloi Txapelketa 3 txanda ezberdinetan jokatu zen, guztira 7 kirolarik parte hartu baitzuten bertan. Lehen txandan Xabier Zaldua, Jagoba Otaegi eta Joseba Otaegi lehiatu ziren. Zalduak hasieratik tarte nabaria atera zien txandako beste aurkariei eta horrek amaierako sailkapenean bigarren postua eman zion, irabazleak lortutako denboratik minutu eskasera geratu baitzen.

Bigarrenean, berriz, Iñaki Errazkin eta Julen Gabirondo aritu ziren. Harri jasotze eta Giza Proban Errazkinek abantaila hartu bazuen ere, Gabirondok aizkorarekin bien arteko tartea murriztea lortu zuen. Txingetan Errazkinen beherakada aprobetxatuta Julenek aurre hartu zien eta txandaren hasieran espero ez bezala, Gabirondo izan zen erronka amaitzen lehena.

Hirugarrena, Aratz Mugerza, eta Andoni Iruretagoyena, garailea. Hirugarren txandaren hasieran lehia parekatua egon bazen ere, giza proban Izetak tarte handia atera zion Mugerzari eta Izeta VI.ak lortu zuen horrela irabazle txapela.

Urdanibia norgehiagokaren lekuko
Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariak adierazi duenez, “Irunen egingo den beste ekitaldi berri bat da, eta, gainera, lehenengo aldiz izango da ofiziala. Horregatik, oso harro gaude Txapelketaren egoitza izateaz”. Kirol ordezkariak azaldu duenez, Irun ekitaldiz beteriko hiri bihurtu nahi dute, baina, batez ere, kirol arloan erreferenteak dira inguruan, egiten diren maila altuko eta era askotariko txapelketak antolatzen direlako. Txapelketa ospatu aurretik Borja Olazabalek aurreratu zuen herri kirolak izanda ikuskizuna bermatua egongo zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude