La Vueltak Irunen utzitako arrastoa

Eta azkenean, eguna iritsi zen. La Vueltaren  5. etapa Irundik abiatu zen asteazken honetan, hilak 24, milaka irundar eta bisitariren oihu eta animo artean, asko izan baitziren kirol-ekitaldi bikain honetaz gozatzera gurera bertaratu zirenak.

La Vuelta munduko hiru txirrindularitza-lasterketa nagusietako bat da, eta Irunera itzuli zen, 2020an ere gure hiritik abiatu baitzen lehen etapa. Orduan, pandemia zela eta, Ficobatik irten zen etapa, jende pilaketak saihesteko neurri jakin batzuen artean.  Aurten, ordea, hiriaren bihotzetik atera dira txirrindulariak, jai-giroan.

José Antonio Santano Irungo alkatearen hitzetan, «merezi genuen, egia esan, eta eskerrak ematen dizkiet La Vueltaren arduradunei 2020ko etapa-hasiera arraro hura konpentsatzeko aurten aukera hau eskaini izana». Udalburua La Vueltaren zuzendari Javier Guillénekin eta Frantziako Tourreko zuzendari Christian Proudhommerekin mintzatu zen atzo, eta gogora ekarri zuen 2023ko Tourra Irundik pasatuko dela: «Lan egiten jarraituko dugu, etorkizunean etapa-hasiera ez, baizik eta etapa baten amaiera Irunen izan dadin. Azken batean, hirian ekitaldiak edukitzea da kontua, Irun guztion ahotan egon dadin».

Irun-Bilbo etapa Euskadiko errepideetan zehar ibili den bigarrena da, eta ekitaldiak 2 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izango duela zenbatetsi da. Irungo Udalak jarduera ugari antolatu zituen lasterketaren karietara, aurreko igandean hasita, orduko Igandero ekitaldia txirrindularitzari buruzkoa izan baitzen, eta asteazken arratsaldera arte, bi gurpilen gaineko kirolaren inguruko familientzako ekitaldiekin eta etapa jarraitzeko pantaila erraldoi batekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude