Irungo Udalak merkataritzaren digitalizaziorako laguntzak emango ditu

Irun Aurrera 2021 Planaren eta bertako merkataritza eta kontsumoa sustatzeko pizgarrien barruan, bertako merkataritza digitalizatzeko 120.000 euroko kontu sail bat onartu da,  merkataritza digitalizatzen laguntzeko politikari jarraikiz, saltokiei TicketBAI Gipuzkoako Foru Aldundiaren fakturazio elektronikoko sistemara egokitzeko gastuak ordaintzen laguntzeko.

Hasiera batean, laguntza hauek emateko aurrekontu kreditua 60.000 eurokoa zen, eta merkataritza eta ostalaritzarako bakarrik izatekoa zen, baina, beste zenbait sektorek hamaika eskaera egin zutela ikusita, azkenean, kreditua handitu eta 120.000 euroko aurrekontua jarriko da, eta hiriko ekonomiaren barruko beste epigrafe batzuk hartuko dira kontuan: ile apaindegiak, taxiak, ostatu emateko zerbitzuak, irakaskuntza ez-arautua, kirol instalazioak…

Gainera, epeak luzatu dira: 2021eko urriaren 31ra arte eskatu ahalko dira laguntzak, eta irailaren 30era bitartean egindako gastuak lagunduko dira diruz.

Esan bezala, TicketBAI sistema berrira egokitutako salmenta terminalak eta softwareak erosteko laguntza espezifikoak dira hauek. Justifikatzen den gastuaren % 80 ere lagunduko da diruz –bankuko egiaztagiriak bakarrik aurkeztu ahalko dira gastua justifikatzeko–, eta gehienez ere 1.500 €; gainera, beste 1.000 € emango dira IFZ beraren peko establezimendu gehigarri bakoitzeko, % 80 mugaren barruan betiere.

José Antonio Santano alkateak nabarmendu duenez, honelako laguntzak oso baliagarriak dira. “2020an jarri zen martxan Irun Aurrera plana, COVID-19aren ondorioz alarma egoera deklaratu eta aste batzuetara, eta, ordutik, okerren pasatzen ari zirenei laguntzea izan da Udalaren helburua. Ostalaritzarako eta merkataritzarako askotariko laguntzak eman dira. Bada, hauen helburua gastu bat arintzen laguntzea da, txikizkako jarduerentzat oso handia izan baitaiteke eta ezinbestekoa baita araudira egokitu eta martxan jarraitzeko”.

Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko dira laguntzak. 

Diruz lagunduko diren gastuak

  • Ematen diren zerbitzu eta ondasunak fakturatzeko erabiltzen diren sistema informatikoak TicketBAI fakturazio terminalen sistema berrira egokitzeko gastuak
  • TicketBai fakturazio sistema ezartzeko eskakizunak betetzen dituzten fakturazio terminalak eskuratzekoak
  • Sistema informatikoak ematen diren ondasun eta zerbitzuak erregistratzeko eta fakturak eta 3/2020 Foru Arauak aipatzen dituen beste dokumentu batzuk egiteko bete beharreko eskakizunak betetzen dituen softwarea eskuratzekoak –berariaz eratzen den erregistroan inskribatu beharko da softwarea, eta erregistro horretan bertan inskribatu den eta berariazko erantzukizunpeko adierazpena sinatu duen pertsona batek garatutakoa izan beharko du–

Zer da TicketBAI?

Fakturazio sistema berri bat da, hiru foru ogasunen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko proiektu komun baten emaitza, 2021etik aurrera nahitaezkoa izango dena, eta legezko betebehar eta betebehar tekniko batzuk ezartzea du helburu: indarrean sartzen denetik, jarduera ekonomikoetan aritzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztiek sistemaren eskakizun teknikoak betetzen dituen fakturazio sistema bat erabili beharko dute, jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzeko eta zergadunei beren betebehar fiskalak betetzen laguntzeko. Fakturazio programak egokitu beharko dira, faktura bakoitzaren aurretik jarduera kontrolatzeko beharrezkoa den informazio fiskal guztia dakarren fitxategi bat sortzeko, eta, behin faktura eginda, fitxategi hori dagokion ogasunera bidaliko da, automatikoki. Fakturan, TicketBAI erabiltzen ari dela ikusi ahalko du bezeroak, kode berezi bat eta QR kode bat azalduko baitira, faktura behar bezala egin dela egiaztatzeko beharrezko informazio guztia ematen dutenak.

Digitalizaziorako laguntzen laburpena

  • Aurrekontua: 120.000 €
  • Emandako zenbatekoa: 78.709,23 €
  • Emandako laguntzen batez besteko zenbatekoa: 1.334,05 €
  • Jasotako eskaerak: 107
  • Baietsitako eskaerak: 50
  • Baiespen sinadura jartzeko dauden eskaerak: 8
  • Eskakizunak betetzen ez zituztelako ezetsitako eskaerak: 5
  • Dokumentazioa aurkeztuta osatzeko dauden eskaerak: 18
  • Aztertzeko dauden eskaerak 15

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude