Maitena Paillet Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) bakarlari gisa parte hartzera gonbidatu dute. Irundarrak irailetik aurrera Bruselako Royal Kontserbatorioan ikasiko du Europako biolin-irakasle ospetsuenetako betekin. Irungo biolin jotzaileak musikarekin zerikusia duten bere etorkizuneko planak zeintzuk diren azaldu du.
Irungo kontserbatorioan elkartu gara, hemen hasi baitzen musikarekin duzun harremana. Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Egia esan, musikarekin dudan harremana jaio nintzenean hasi zen. Nire ama irakaslea zen kontserbatorio honetan eta nire nebak hona etortzen ziren ikastera. Sei urte nituenean, tira, hobeto esanda, 6 urte bete aurretik, bertan izena eman zidaten eskolak jasotzen hasteko, eta gogoan dut asko gustatzen zitzaidala etortzea.
Instrumentu bat aukeratzeko orduan, zergatik aukeratu zenuen biolina?
Oso txikia nintzen gurasoen lagun batzuen etxera opor-egun batzuk pasatzera joan ginenean. Bere semeetako batek biolina zuen pieza bat interpretatu zidan, eta soinu hark harritu egin ninduen. Uste dut orduantxe erabaki nuela biolina jotzen ikasi nahi nuela. Hala ere, akordeoiarekin gainditu gabeko ikasgai bat dudala esan behar dut, eta 18 urte betetzen ditudanean bat oparitzeko tematzen ari naiz.
Zure azken lorpenetako batean EIOrekin bakarlari gisa jotzeko deitu dizute. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin bakarlari gisa jotzea egia bihurtutako ametsa da. Aukera horri esker musikari kide batzuez inguratuta egoteko aukera izango dut. Luxua da irakatsi eta zuzenduko gaituzten profesionalez inguratuta egotea.
EIOn onartua izatea zerbait berezia bada, uste dut gainera bakarlari gisa onartua izatea are bereziagoa dela, ezta?
Bai, zirraragarria da. Ilusio handia egiten dit Bilbon, Gasteizen eta Donostian EIOrekin jotzeak.
Uda honetako kontzertuak prestatzeko entseatzen hasi zinenean?
Orkestra Eibarren bilduko da entseguak egiteko. Entseguak ekainaren amaieran hasi ziren, eta nik ekainaren 29an izan nuen lehen entsegu bateratua.
EIOrekin batera, kontzertu asko izango dituzu uda honetan?
EIOrekin kontzertuak amaitu ondoren, astebeteko atsedena hartuko dut, eta, ondoren, uda 15 eguneko online ikastaro batekin lotuko dut, non bi kontzertu ditudan. Gero, Belgikara noa, han bakarlari bezala bestei bi kontzertu ditut eta beste bat ganbera-musikakoa.
Lehiaketei dagokienez, asko izan dira orain arte lortu dituzun sariak. Zein da zuretzat bereziena?
Zaila da aukeratzea. Oso ondo joan zait parte hartu dudan lehiaketetan, eta denek egin didate ilusioa bere garaian. Poloniako Telemann lehiaketako finalista izatea sorpresa polita izan zen niretzat. Lehen saria XXX. European Music Competition, Turinen. Gainera, beste sari batzuk ere lortu ditut, hala nola 15 urterekin Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan 19 urtetik beherako kategorian lehen saria edo Musikeneko sari berezia, besteak beste. Sari horiek guztiek asko motibatu naute lanean jarraitzeko.
Uda ostean, Bruselako Royal Kontserbatoriora joaten zara ikastera. Erraza izan al da sarbidea lortzea?
Erraza?
Ez dut uste hautagai asko zeudelako eta gazteenetakoa nintzelako, baina lan asko egin dut eta ilusio handiz lortu dut.
Gainera, Europako biolin irakasle ospetsuenetako batekin ikasteko aukera izango duzu. Hori aukera handia da zuretzat?
Bai, Philippe Graffin ikastaro batean ezagutu nuen duela hiru urte, eta asko gustatu zitzaidan ordutik, ikastaro eta master klaseetan jarraitzen saiatu naiz. Orain bere ikaslea izatea ahalik eta gehien aprobetxatzea espero dudan luxu bat da.
Erraza izan al da zure ikasketak eta orain arteko musika-prestakuntza uztartzea?
Bigarren hezkuntza Donibane Lohizunen egin nuen eta oso zaila izan zen. Batxilergoa, berriz, Irungo La Sallen egin nuen, eta, egia esan, oso eskertuta nago, aurten kontserbatorioko probetara aurkeztu ahal izateko gauzak asko erraztu dizkidatelako. Orain amaitu ditut Batxilergoa eta selektibitatea eta etapa berri bat hasiko dut.
Zein dira etorkizunera begira dituzun asmoak?
Oraingoz, Bruselako ikasketetan jarri nahi dut arreta, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Jakina, orkestra handietan jo ahal izatea da nire ametsa. Elkarrizketa amaitu baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiet Irungo Kontserbatorioari eta bertako irakasle guztiei, bereziki Raffaela Acellari, bera gabe orain ez nintzatekeelako hemen egongo. Ez dut ahaztu nahi Kristoffer Dolatko ere, bere baldintzarik gabeko laguntzagatik.