Ametsak. Azken k horretara iristerako jada desagertu diren hitz eztiak. Sentimenduen errusiar mendi bortitz batean, gorenean zaudenean kolpez lurrera jaitsarazten gaituztenak.
Zenbat ostadar eratu dituzte nire masailetan? Zenbat malko eta irribarrezko ostadar? Nire logelako paretetan zintzilik ditudan oroimenen itzalpean egiten dut lo, begiak itxirik berriro itzul daitezen desiratuz.
Amesten dudanean, izarren alboan esertzen naiz, Unibertsoaren taupadak sentituz gauaren abestia entzuteko irrikatan. Egunsentian, malko hotz baten dardara sentitzen dudanean, zeruan igeri egin nahi dut, putz egin eta hodeiak nahiz arazoak baztertu.
Amesten dudanean, udako haize epelak belarrira xuxurlatzen dit ez dagoela mugarik irudimenaren mundu amaigabean, borrokatuz dena lortu daitekeela, argia itzaliz gero kandela bat piztu dezakegula.
Goizeko hozkirria, urmaelaren zilarrezko eraztunak, hosto odoltsuaren kulunka, lore batean ipinitako ur-tanta distiratsuak, isiltasunaren barrenean gordetako sekretuak, begirada bero batek eragindako hotzikara, suaren laztana kiribiltzen diren makiltxo zaharretan, azken besarkadaren negar itoa… Sentitu, maitatu, gogoratu, sufritu, gozatu, faltan bota… Bizitza egun bat da, eta ahal duzun guztia egin egun hori ahaztezina izan dadin. Bost axola gainerakoen iritzia, bizi eta bilatu bizirik mantentzen zaituzten ametsak.
Amestu nahi baduzu, beldurrak alde batera utzi, eta munduaren arnasa azalean sentitu, hiriaren oheratzea ikusi, euria eskuekin har-tzen saiatu, inoiz esan ez duzuna esan, neguko hotzaren zirrara maitatu, udaberriko koloreak usaindu, gauza hoberenak ederrak izateko amaitu behar direla ulertu, ilargia ukitzeko ahalegina egin, zure akatsen jabe izan, udazkeneko argi-izpi urrekarak margotu, abesti ezkutu hori bakardadean kantatu, zure isladaren laguna izan, itsasoaren suspirioetan hegan egin, beti zure barruan gordeko dituzun hitz politak dastatu, lokartu arte negar egin, ez inoiz ahaztu nor zegoen zure ondoan mundua iluna zenean, galderak bilatu, erabaki zailak hartu, ispiluarekin hitz egin, magian sinetsi, txikitan horrenbeste maite zenituen ipuinak irakurri, eta ordutik aldatu den guztiaz ohartu, eskutitzak idatzi, lanbroan murgildu …
Eta, batez ere… Amestu…
Amestu nahi?
Nahia Perez de San Roman
Toki Alai BHI