Ez, ez naiz ari joan den igandean egindako lasterketaz. Baina toponimo biek badute lotzen eta era berean bereizten dituen zerbait, 21 kilometroez gain. Zaku berean, hots, bi zakutan, sar genitzake Hondarribia, Hendaia, Bidasoa, Urruña, Azpeitia eta Azkoitia, baita Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Zuberoa ere… Zer da lotzen eta bereizten dituen ezagugarria, bada? Denek dutela “a” letra bukaeran, baina batzuei kentzen ahal zaiela deklinatzean, eta beste batzuei, ez, atxikia dutelako. Edozein euskaldunek ulertzeko modukoa.
Erdaraz bizi garen Euskal Herrian, ordea, dena izaten da konplikatuxeago. Dena den, auzoaren teilatura harrika hasi aurretik, gogora dezagun Axularrek aspaldi handian ohartarazi ziguna, euskararen protagonismo eskasaz: euskaldunek berek dute kulpa. Izan ere, gure euskara erdalduntzea ala ez… erdaldunei bost axola, eta geure hizkuntzaren erabilera korapilatzeko ez dugu geure baitatik atera beharrik. Hona hemen arestian egindako aldaketa: oraintsu arte “Bidasoako” zuzen genioena, oker dago, “Bidasoko” behar du eta. Horra hor, lekuko, Bidasoaren ertzean (kasu honetan ez omen du “Bidasoren” behar), Santiagoko Irun aldeko aduana zaharrean zabaldutako interpretazio zentroa. Hala bada, hala bedi. Galdera agian ez litzateke zergatik den hala, Bidaso(a) hitzaren etimologiak etimologia, baizik eta zergatik ez den izan hala arautu orain arte.
Bestetik, forma zaharrari eusten dion arau berrira egokitzen garen bitartean, ziur nago jarraituko dugula entzuten eta irakurtzen, baita testu ofizialetan ere -agian horietan gehiago-, Hondarribiako, Behobiako… eta halakoak, erdararen eraginez seguruenik: erdaraz a-z bukatuta esaten da, eta euskaldunok kalkatzeko joera handia dugu. Beharbada horrexegatik ere, erdaraz Donosti maiz esaten denez gero, euskaraz Donostiko behin baino gehiagotan topa-tzen dugu.
Bidasoaldeko mugalariok badugu horretan ere ñabardurarik: oraintsu gaztelaniaz ere Urruña zena gero eta maizago da Urruñe, eta beraz, euskaraz ere bai. Hendaya/Hendaia oraingoz salbu dago. Noiz arte, ordea?