Txotx! Sagardo berria Olan

Txotx berriaren irekiera festa urtarrilaren 19an ospatu zen Ola Sagardotegian. Iñaki Bengoetxearen etxera lagun mordoa bildu zen, eta giro ederrean dastatu zuten Olako nagusiak landutako edari tradizionala.
Patxi Urtizberea txalapartaria izan da aurtengo omendua,
euskal kulturari emandako bultzadagatik.

Irunero_Ola08

“Hau da aurtengo sagardo berria!”. Hitz hauekin Patxi Urtizberea txalapartariak hasiera eman zion Ola Sagardotegiko txotx denboraldiari. Pandero jole, txalapartari eta azkenaldian kirikoketa jole, azkeneko hamabost urteetan bera izan da txalapartarekin sagardotegiak omendutakoei soinu banda jarri diena: “Sagardotegia irekitzen zutenean hemen nengoen, txalaparta jo-tzen, eta sekula ez naiz toki horretan egon”, adierazi zuen kupelei begira poztasun irribarrea aurpegian marrazten zitzaiola. Sorpresa izugarria izan zen Patxirentzat aurtengo protagonista izatea.

zerbitzariak_Ola03

Abenduan Olako Iñaki Bengoetxearen telefono deia jaso zuen. “Hasieran txalaparta jotzeko izango zela pentsatu nuen; baina ez, aurtengo omenaldia niri egingo zidatela esan zidan. Izugarrizko poza hartu nuen!”. Bengoetxearen hitzetan “bera izan dugu gure kulturan oso tradizionala, bere eremuan kultura bultzatu duena eta, gainera, auzokoa”. Urteetan egindako lan hori eskertzeko “bera bezalako gizon bati horrelako omenaldi txiki bat egitea erabaki nuen, gure elkartasuna eta berotasuna merezi duelako”.
Tradizioa berrikuntza bihurtu
Aurten Meakako sagardotegiak berrikuntza bat dakar: pittarra. Etxeko tradizioa mantentzeko asmoz, sagardotegiko kupel batek edari hau darama barnean, lehengo modu tradizionalean egina. Ohiko sagardoarekin alderatuta, edari honen alkohol maila oso baxua da, bi gradu edo gradu eta erdikoa, eta azukre-tsua da. “Ez naiz ni orain dela ehun urtekoa, baina baserrira ez ziren Coca Cola eta horrelakoak iristen”, esan zuen Bengoetxeak. Garai haietan “pittarra zen edari familiarra baserri gehienetan”, freskagarri moduan edaten zena otorduetan, edota belar lanetan aritzen zirenean. “Jende askok galdetzen zidan edari honi buruz, eta aurten pittarra egitea erabaki dut, jendeak dastatzeko aukera izan dezan”.
Sagardoari dagokionez, Bengoetxeak uzta ona izan dela dio, aurtengo kanpaina aurrekoak baino apur bat luzeagoa izan dela azpimarratuz.
Kupeletan gordeta dagoen altxorra “hemengo sagarrekin egindakoa da, Irun, Hondarribia, Oiartzun eta Lezokoa”. Aurreko urtearekin konparatuta denboraldi honetako sagardoak alkohol maila baxuagoa dauka, baina “zapore onekoa”. Halaxe zioen Patxi Urtizbereak berak, edaria dastatu eta gero.

bazkaria orokorra_Ola17

Festa giro paregabeaz gozatu zuten Ola sagardotegiko txotx denboraldi hasierara hurbildu zirenek. Txalapartaren soinuak eman zien ongi etorria gonbidatu guztiei, zuzeneko euskal musikak eta Anjel Mari Peñagarikanoren eta Aitor Mendiluzeren bertsoek lekukoa hartu zuten arte. Pintxo batzuen ostean, bakailao tortillak izan ziren protagonista denbora gutxiz, txuletoiei bidea emanez. Eta tarteka, nola ez, aulkitik altxatu beharra zegoen kupeletako sagardoari beste trago goxo bat emateko.
Joseba Zubialde

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude