BANIZU NIZUKE Kultur Elkarteak argitara eman berri du Jon Iraundegi irundarraren Euskal rockaren ikuspuntu bat
argazki liburuaren bigarren edizioa.
80koen eta 90ekoen hamarkadetako kontzertuak kameraz
finkatu zituen, gure kulturaren zati garrantzitsua den herri
musika garaikidea kontserbatzeko egundoko ekarpena.
Gogoan du 1984ko egun hura. Aitari argazki kamera eskatu zion Donostiako belodromoan joko zuen AC/DCren oroigarri bat edukitzeko. “Argia eskuz kontrolatzea ez zen batere erraza. Lehenengo aldi hartan denetarik atera zitzaidan: argazki onak eta txarrak”. Ordurako zaletasuna barruko grina zen eta halaxe ikastaroa egin zuen Irungo Argazki Elkartean.
Zuri-beltzak oraindik indar handia zuen garai hartan zaletuen artean nork bere lanak errebelatzen zituen, eta, jakina, pelikula kameratik atera arte emaitza sorpresa bat izaten zen.
Ehiztari gisan Euskadiko agertokiak korritu zituen, gure historiaren puska baten zelatan zebilela jakin gabe.
Iraundegiren liburua musika argazkilariei buruzko saileko argitalpena da eta 1985etik 95era bitarteko lanen hautaketa dakar. Belaunaldi hark ongi txertatuak ditu burmuinean ahaztezinak diren izenak: La Polla Records, Kortatu, Hertzainak, Cicatriz, Vomito, Antirregimen, Baldin Bada, Delirium Tremens, Zarama…
“Taldea ongi ezagutzen duzunean harago joan nahi duzu: keinu zehatz bat harrapatu, salto bat…”, dio Jonek. Horixe liburuko irudien bidez erdietsi duena: instant baten indarra medio ikuslea giroan murgiltzea. Kontzertuetan argazkiak egiteko baldintzak ez dira samurrak; “argia arraroa izaten delako, baina aldi berean horrek eder egiten ditu”.
Musikaren erretratugileak zelatan darrai.