MARÍA MARTÍN, abeslaria: “Ezin naiteke musikarik gabe bizi”

Ametsa Txiki abesbatzaren barnean abiatu zen Maria Martin abeslari gaztea musikaren munduan. Donostiako Kontserbatorioan Erdi-mailako Kantu gradua egin ostean, Musikenen Goi-mailako graduari ekingo dio aurten, bere talentua etorkizuneko ogibidean bihurtzeko formazioa jasotzeko asmoarekin.

Nola konturatu zinen musika ikasten jarraitu behar zenuela?
Hasieran, hobeto abesten ikasteko asmoarekin soilik hasi nintzen musika ikasten. Irakasle-ikasketak egin ditudan arren, denboraren joanarekin kantatzea gehiago gustatzen zitzaidala ikusi nuen eta nik jarraitu beharreko bidea kantua zela konturatu nintzen.

Zein proiektuetan parte hartu duzu udara honetan?
Udara osoan kontzertu asko izan ditut, ikasten jarraitzeko kurtso eta ikastaroez gain. Donostiako Musika Hamabostaldiaren barnean kurtso bat egin nuen Ana Luisa Chova kantu irakasle ospetsuarekin. Hortaz gain, Easo Abesbatzarekin batera Sorozabalen oroimenez eginiko omenaldian parte hartu nuen.

Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartzea berezia izan da?
Bai, aukera handia izan da. Oso ondo antolaturik dago, Hamabostaldiko ikastaroetan musika irakasle ezin hobeekin elkartzeko aukera daukazulako eta, haien esperientziari esker, asko ikasten baituzu bertan. Gainera, ikastaroaren amaieran kontzertu bat dago ikastaroan zehar ikasitako guztia erakustsi eta praktikan jartzeko.

Emanaldiak prestatzeko ordu asko sartu behar dituzu?
Bai, kurtso batera zoazenean dena prestaturik eraman behar duzu etxetik. Izan ere, irakasleek, aurretik dakizunetik abiatuta, gauzak ahalik eta hoberen egiten lagun zaitzakete bakarrik.

Baduzu musikaren munduan zuretzat erreferentea den abeslariren bat?
Hemen inguruan, Euskal Herrian, kantu irakasle zein abeslari oso onak daudela esango nuke, baita atzerrian ere. Hala ere, ez naiz abeslari bakarra erreferente bezala aukeratzeko gai, erreferente on asko baitaude.

Musika eta haurren artean lotura estua dagoela uste duzu?
Bai, irakasle-ikasketak egin ostean musikari behar duen garrantzia ematen ez zaiola konturatu naiz. Niretzat abestea kirol bat praktikatzea bezalakoa da.

Nola imajinatzen duzu zure burua etorkizunari begira?
Orain Musikenen ikasten hasiko naiz eta bertan lau urte pasako ditut. Etorkizunean, operetan abestea edo kontzertuak ematea gustatuko litzaidake. Aukeratu beharko banu, momentu honetan errazagoa zait nire burua abeslari moduan imajinatzea, eskola batean irakasle lanetan baino.

Zer da musika zuretzat?
Nire bizitza osoa. Ezin naiteke musikarik gabe bizi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude