Azaroaren 15ean eta 16an ospatuko da Sport Jam-en 9. edizioa. Aurten antolatzaileek berrikuntzak iragarri dituzte, scootari lotutakoak batez ere. Azkeneko urteetan kirol honek gero eta garrantzi handiagoa hartu du eta oraingoan protagonista izango da, munduko onenek parte hartuko dute eta. Bestalde, jarri ohi diren saltokietan skatearen, arroparen eta scootaren alorreko produktu berriak eskainiko dituzte.
2014an scoota Sport Jameko protagonista izango da, eta azoka, sekula baino internazionalagoa. Aurtengo Prize Money delakoa 2.000 eurotara handitu dutelako munduko onenek etorriko dira Irunera. Estanis Polo Sport Jameko zuzendariaren esanetan, “aurten mundu mailako lehiaketa bat antolatu dugu, munduko rider hoberenak etorriko dira eta scooter marka ospetsuenetakoak izango dira bertan”.
Irunen haur eta gazte askok kirol hau praktikatzen dute, eta lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute: alde batetik, lehiaketa profesionala antolatu da eta, bestalde, amateur mailakoa.
El establo pirata Irunen scoota sustatzen duen denda bat da. Bere taldea du eta astero Letxunborron duen indoor skate parkean biltzen dira zaleak. Urtero parte hartzen du Sport Jamen. Saltoki bat ere jartzen du, non scootak, arropa eta beste zenbait produktu topa daitezkeen. “Gazteentzat aukera ona da munduko hoberenekin patinatzeko eta haiekin hitz egiteko” , adierazi du El establo piratako Juan Luis Cáceresek . Urtean zehar maila hobetzen saiatzen dira eta azoka sari bat da gaztetxo hauentzat”.