Haurtxoak Irungo Udalak hiriko umeentzat eskaintzen duen zerbitzu bat da denbora librearen erabilera aktibo, sortzaile, parte-hartzaile eta osasungarria egitea bultzatzeko. Momentu honetan Irunen hiru Haurtxoko daude eta 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendurik dagoen zerbitzua da.
Itziar Zabal Irungo Haurtxokoetako koordinatzaileak azaldu duenez, guztira, Irungo hiru auzo ezberdinetan Haurtxoko daude, zehazki, Katea, Lapitze eta Palmera Monteron. Isabel Arrigain da Katea auzoko Haurtxokoko arduraduna, Nahiara Mateo Palmera Monteroko Txiki Laben eta Itziar Zabal Lapitzeko Haurtxokoak kudeatzen dituzten bitartean. Nahiara Mateoko azaldu duenez, “haurrak eta gurasoak zerbitzu honekin pozik egoteaz gainera, arduradunak zerbitzuak duen harrerarekin oso pozik gaude”.
Auzo bakoitzeko Haurtxokoak asteko egun eta ordutegi ezberdinetan zabalik daude. Katea eta Palmera Moteroko Haurtxokoek astelehen, asteazken eta ostiraletan irekitzen dituzte ateak, Kateako ordutegia arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara eta Palmera Monterokoa 17:00etatik 20:00etara delarik. Lapitzekoa, berriz, asteartetik ostiralera zabalik dago arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.
Umeek haien denbora libreaz gozatzeko aukera dute Haurtxokoan antolatzen dituzten ekintzen bitartez, era berean, auzoko beste umeak ezagutu, haien artean jolastu eta ezagutza berriak bereganatzeko aukera duten bitartean. Isabel Arrigain Katea auzoko Haurtxokoko arduradunaren hitzetan, “Irungo haurtxoko ezberdinetan oraindik libre dauden plaza batzuk dauzkagu, beraz, familia irundarrak Haurtxokoetara hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu”.
Familia ta lagun
Ohiko Haurtxoko ordutegiaz gain, hilabetean behin Familia ta Lagun programaren bitartez ekintza bereziak antolatzen dituzte ere. Hiriko haur zein haien familiei zuzenduriko ekintza bereziak izan ohi dira, normalean, larunbatetan antolatzen direnak. Bi orduko iraupena izan ohi duen ekintza da eta, orain arte, bizikleta txangoak, Zumba edo inauteriak direla eta Bidasoako Joaldunak ezagutzeko ekintzak antolatu dituzte.
Hurrengo Familia ta Lagun ekintza martxoaren 16an egingo da goizeko 10:30etatik 12:30etara Belaskoeneako ikastetxean eta judoarekin loturiko ekintza bat izango da. Izen-ematea, dohainekoa izango da, baina, aurretiaz irun.org webgunearen bitartez ekintzan izen-ematea egitea beharrezkoa izango da, plaza kopurua mugatua izango delako.
Ostiral Eroak
Itziar Zabal koordinatzaileak azaldu duenez aurten erronka berri bati heldu diote Haurtxokoen Programan. 9 eta 11 urte bitarteko adina duten haurren behar eta eskakizunei erantzuteko asmoz, ostiraleko ekintzak adin horretako haurrei zuzentzea erabaki dute “Ostiral Eroak” izena duen programaren barruan.
Orain arte errobotika, eskalada eta egur-tailerra bezalako ekintzak egin dituzte. Martxoaren 22an, berriz, Haurtxoko bakoitzean Altxorraren Bila jolasa antolatuko dute. 9 eta 11 urte bitarteko edozein haur egongo da ekintza honetan parte hartzera gonbidatuta eta izen-ematea auzo bakoitzeko Haurtxokoan egingo da.