Irungo 19 kirol taldek ekimenez beteriko uda prestatu dute aurten, Uda 2013 kanpainaren barruan.
Uda iristen denean ikastetxeek per-tsiana jaitsi eta umeak aske uzten dituzte, hamaika abenturaz beteriko uda igaro dezaten. Hauetako batzuk gurasoekin oporretara doaz. Beste batzuk, ordea, gure eskualdean geratu ohi dira eta Irungo Udalak hiriko kirol taldeekin antolatutako ikastaro interesgarrietan parte hartzen dute. Hamar urteko E-narak, adibidez, voleyballean ondo jokatzen ikasteko gogo handia du. “Gorputz Hezkuntzako klasean kirol hau ezagutarazi zigun irakasleak eta asko gustatu zitzaidan. Horregatik, nire teknika hobetzen jarraitzeko, Hondarribia Voley Kirol Klubak antolatutako ikastaroan izena eman dut”. Kirol talde honen ibilbidea gure eskualdean motza da. Hala ere, aurrera atera da Sergio Ruiz, Javier eta Julen Etxebeste anaiak eta Europako voley txapelduna den Jose Luis Moltoren lan gogor eta izpiritu ekintzaileari esker. Uztail-abuztuetan, 3 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteek kirol eskaintza zabal batez gozatu ahal izango dute. Garrantzitsuena da udaz gozatzea eta lagun berriak egiteko gogoa izatea.
Ekimen berrizale honen beste aldean Iñigo Zabalzak zuzentzen duen Central Surf eskola dugu. 1990ean ireki zituen ateak Irungo surf eskolak eta harrez geroztik Irungo hainbat belaunaldi igaro dira Iñigoren eskuetatik. “Polita eta aberasgarria da orain dela hamar bat urte zure ikasle izan zirenek, gaur egun, euren umeak ikastaroetara ekartzea. Zerbait ondo egiten ari garen seinale” dio zuhurki surf monitore trebatuak. Patxi, Jon, Hans, Unai eta Josebarentzat “lagunak egiteko eta surfean ikasteko primerako esperientzia” da hau. Udan 9:30ean ekiten diote egunari Iñigok eta bere monitoreek, eta arratsaldeko 19:00ak arte jo eta ke ibiltzen dira txanda bakoitzeko ikasleekin olatuak hartzen. Itsasoarekin etengabeko kontaktuak momentu oso bereziak utzi dizkio Irungo Central Surf eskolako sortzaileari; izan ere, “orain dela pare bat urte, autismoa zuen ume bat izan genuen udako ikastaroetan. Hasieran eromena zen, ihes egiten zigulako. Orduan, aitarekin hitz egin eta gurekin batera klaseetara laguntzaile moduan sartzeko eskatu genion. Aitak baietz esan eta, azkenean, lortu genuen ume hori surfean aritzea. Hendaiako olatu hura surfeatzen ikusi genuenean monitoreak eta gurasoak elkar begiratu eta negarrez hasi ginen. Oso momentu hunkigarria izan zen”.
Bestalde, Artiako futbol zelaian Behobia Kirol Taldeak antolatutako stage-a aurki dezakegu. Bertan daude etorkizuneko Asier Illarramendi edo David Zurutuza izatea amets duten 5-12 urte bitarteko umeak. “Futbolaren inguruko oinarrizko gauzak erakusten dizkiegu hemen. Dena, noski, jokoen bitartez. Halatan, umeek ondo pasatzen dute eta elkartasuna eta solidaritatea bezalako balio garrantzitsuak ikasten dituzte” baieztatzen du Asier Quintana ikastaroko entrenatzaileak. Mateo irribarretsu batek, bestalde, hala dio: “asko gustatzen zait futbolean aritzea, eta lagunekin baldin bada, are gehiago”.
Ikus daitekeenez, aurtengo kirol egitaraua zabala da eta mila aukera eskaintzen ditu. Beraz, uda osasuntsu eta dibertigarri bat igaro nahi duten umeek hemen dute aukera paregabea.
Eskubaloiz ere, blai
Bestalde, Bidasoa Kirol Klubak Euskal Kanpusa antolatu du laugarren urtez. Euskara eta eskubaloia zuzenki lotuta daude Euska-Baloia deituriko proiektu honetan. Eskubaloi taldearen lana honako hiru ardatz nagusi hauetan zentratzen da: kirola, pedagogia eta hizkuntza. “Kirol interesgarri honen ezaugarri tekniko eta taktikoak erakusteaz gain, umiltasuna, errespetua eta elkartasuna bezalako baloreak transmititzen eta erakusten saiatzen gara” dio Aritz Sodupek, ekimen honen arduradunak.
Gainera, aurten, gorakada esanguratsua izan du 8-13 urte bitarteko neska-mutilentzat antolatutako jarduera honek. Guztira, 260 parte-har-tzaile izango dituzte udako kanpus honetan. Aritz Soduperen esanetan, “taldeak asko lantzen duen proiektua da eta urtetik urtera prezio merkeak mantentzen saiatzen gara, nahi duten ume guztiek bertan parte hartu eta eskubaloia ezagut dezaten”.
Nahiz eta, tradizionalki, neska baino mutil gehiago egon, klubak nesken lehendabiziko taldea sortu du aurten. Datorren denboraldira begira, beste bi talde gehiago eraman nahi dituzte aurrera, nesken eskubaloia maila gorenera irits dadin.
Informazio gehiago eskuratzeko:
– Behobia Kirol Elkartea: 609-309-894/ 605-734-728
– Central Surf Eskola: inigo@centralsurf-irun.com/ 688-675-747
– Hondarribia Voley Kirol Kluba: voleytxingudi@gmail.com/ 629-961-521
– Bidasoa K. E. 943 62 52 85