Alabama Banana: Arroparekin kalera ateratzen den artea

Haizea Sayar da Alabama Banana markaren sortzailea. Artea eta moda jasangarria uztartuz, “janzten den artea” kontzeptua garatu du. Gainera, orain dela gutxi Netflix enpresaren enkargu bat jaso du pelikula baten estreinaldirako jakak sortzeko. Haizea Sayar sortzaileak bere proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nola sortu zitzaizun Netflixekin lan egiteko aukera?
Udaran Irunera itzuli nintzen, nire gurasoak Urruñan bizi direlako. Gurasoekin bazkaltzen ari nintzen egun batean, agentzia bat nirekin kontaktuan jarri zen Instagram eta email bidez. Hasiera batean nirekin hitz egin nahi zutela esan zidaten, haien bezero garrantzitsuenetako batentzat lan egiteko aukera proposatu nahi zidatelako. Aurrerago Netflixentzat zela azaldu zidaten eta Elisabet Benavent idazlearen liburuetan oinarritutako “Fuimos canciones” pelikularekin loturik 35 jaka sortzea proposatu zidaten. Enkargua entzun eta garrasika hasi nintzen, asko poztu nintzen eta.

Proposamena une hobezinean iritsi zitzaizun?
Bai, duela 4 urte inguru sortu nuen Alabama Banana marka. Orain arte arropa denda batean lan egin dut, baina ez nintzen batere eroso aurkitzen. Orain dela hilabete batzuk dendari lana uztea erabaki nuen, nire kabuz bide berri bati ekiteko. Izan ere, argi eta garbi nuen nire pasioa nik sortutako markarentzat lan egitea zela, jantziak margotzen.

Erraza da Netflix bezalako marka handi batentzat lan egitea?
Bai, aldea nahiko handia da. Orain dela urte batzuk Levis markarentzako proiektu batean lan egiteko aukera izan nuen eta sekulakoa izan zen. Apirilean hasi nintzen ehuneko ehunean soilik nire marka aurrera ateratzeko lanean. Inguruko jendeak aspalditik pausua eman eta nire proiektuan zentratzeko animoak ematen zizkidaten, baina nik orduan ez nuen guztiz argi ikusten. Netflix bezalako marka ezagun batekin elkarlanean aritzeko aukerak asko lagundu nau, egiten dudanak zentzua duela ikusi eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko motibazioa lortzeko.

35 jaka sortu behar izan zenituen. Diseinuak aukeratzeko askatasuna eman zizuten?
Bai, jakak egin nahi zituztela esan zidaten eta proposamen libre bat egiteko askatasun osoa eman zidaten. Hala ere, pelikulako Macarena, Maca, protagonistan inspiratutako zerbaiten bila ari zirela esan zidaten. Nik jada liburuak irakurrita neuzkan, idazle horren liburu ia guztiak irakurri ditudalako kasualitatez. Proiektua niretzat egina zegoela ulertu nuen, testuingurua ezagutzen nuen. Normalean jaka bakeroekin lan egiten dut, beraz, amerikanak margotzea erronka bat izan zen niretzat eta gustura onartu nuen. Haiekin diseinua egokitu nuen eta aldaketa pare baten ostean, dena prest izan genuen.

Zergatik erabaki zenuen Alabama Banana izeneko marka sortzea?
2017. urtearen inguruan hasi zen dena. Nik urte asko daramatzat ohialetan margotzen. Zaletasun gisa hasi zen dena eta orain dela 4 urte jaka bakeroak margotzen hasi nintzen, hemen oso zabalduta ez zegoen zerbait zelako. Oso erakargarria iruditu zitzaidan arropan artelanak sortzeko ideia, kalera eramateko prestatutako artea balitz bezala. Orain dela 11 urte jada kamiseta edo zapatilaren bat margotzen hasi nintzen, baina geroago ikusi nuen jaka bakeroak aukera bikaina zirela, ia mundu guztiaren armairuan dagoen jantzi bat delako. Asko gustatzen zaizun ilustrazio bat kalean erakusteko aukera ematen dizu, etxeko lau pareten artean gorde ordez. Horregatik erabaki nuen marka bat sortzea, bestelako produktuak dauzkadan arren, gehien saltzen direnak jakak direlako.

Jakez gainera, zein beste produktutan marrazten dituzu zure artelanak?
Zapatilak, kamisetak,… margotu izan ditut, baina jakak margotzea nahiago dudala konturatu naiz. Marka nik bakarrik kudeatzen dudanez, ez dut proiektu gehiegitan murgiltzeko aukerarik, jendearen enkarguek denbora asko hartzen didatelako. Bezeroentzat berezia da sormen prozesuaren parte direla sentitzea, beren ideiak eta proposamenak jasotzen baititut lanean hasi aurretik. Nire diseinuak dira, baina bezeroek emandako erreferentziak abiapuntutzat hartuta. Askotan film edo telesailekin lotutako ideiak proposatzen dizkidate. Nik dena delakoa arakatu eta diseinu proposamen bat aurkezten diot bezeroari, lanari ekin aurretik. Dena den, pertsonen argazkiak ere bidali ohi dizkidate, diseinuak ukitu pertsonalizatu hori izan dezan.

Era berean, arropak berrerabiltzeko modu bat da?
Bai, noski. Garrantzi handia du niretzat proiektuaren alde horrek. Nire diseinuak sortzeko “vintage” erako arropak erabiltzen ditut, beraz, bigarren eskuko arropak izan ohi dira. Iraunkortasunaren papera oso garrantzitsua da markan.

Gainera, udaran Irungo Kontenporanea azokan parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Nire sorkuntzak erakusten ditudanean, jendeari asko gustatzen zaio egiten dudana. Jendeak gauza berriak deskubritzea gogoko du. Dena den, egia da Madril edo bestelako azoketan parte hartu izan dudala eta jendea horrelako tokietan ohituago dago azoketan ibiltzera. Izan ere, jendeak hemen ez du hainbeste hurbiltzeko ohiturarik, lotsatuta hurbiltzen da, beraz, ohitura hori hartzea falta da. Hemen mahaian txartelak uzten dituzu, baina jendeak ez ditu hartzen. Madrilen, aldiz, jendea irekiagoa da eta, nahiz eta ez erosi, gauza gehiago galdetzen dizkizute.

Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Alabama Banana marka lantzen jarraituko dut, iristen zaizkidan enkargu guztiei erantzunez. Horretaz gain, Madrilen hainbat tailer antolatzeko aukera eman didate, oihalak nola margotzen diren erakusteko. Hortaz, tailer horietan jendeak nola lan egiten dudan ikasteko aukera izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude