642 haurrek parte hartu dute Euskara Arloak antolatu dituen udaleku irekietan
Guztira 642 haurrek parte hartu dute aurten, berriro ere, arrakastaz burutu den Solas Jolas udaleku irekietan. “Udalak antolatzen duen egitasmo honen bidez, haurrek sekulako aukera dute ikasgelatik kanpo eta modu naturalean euskaraz disfrutatzeko eta bizitzeko”. Hala azaldu zuen Fernando San Martin euskara ordezkariak. Horretarako makina bat ekintza eta irteera antolatzen dira, bai uztailean bai abuztuan, 4 eta 10 urte bitarteko ikasleei zuzenduta. Uztailean parte hartu duten 503 haurrek, adinaren eta taldearen arabera, hainbat tokitara joan dira: Hondarribiko hondartzara, Donostiako Aquariuma ikustera, San Martzialera, Bertizko abentura parkera e.a.
Elkarguneetan ere ez dute aspertzeko astirik izan neska-mutikoek. Horietan, eguneroko ekintzak gai baten inguruan antolatu dituzte. Uztailean, esaterako, Mundu Fantastikora bidaia izan dute ardatz eta, horrekin lotuta, asteroko interesguneak Ama lurra, Ur azpiko erreinua, Espazioa eta Ametsen mundua izan dira.
Abuztuko txandak 139 parte-hartzaile izan ditu. Txanda horri lotura eman dion gaia Txutxumutxuen kaxa dugu, eta horren inguruko interesguneak, zirkoa, ipuinak eta detektibeak. Irtereei dagokienez, berriz, Donibaneko txalupan ibili dira, Lezoko igerilekura joan dira eta Santiagotarretan arraun egin dute.