Gu ere bertsotan

360 ikasle-bertsolari gazte eta 1.000 entzule inguru bildu ziren Amaia KZn egin ziren bertso saioetara

Irungo bost ikastetxetako ikasle gazteak bertsotan aritu dira ikasturte osoan GU ERE berts403_1957069981_nBERTSOTAN egitasmoaren baitan. Ikasturte amaieran, egindako lana jendearen aurrean azaldu nahi izan eta primerako jaialdiak eskaini zituzten maiatzaren 21ean eta 28an Amaia KZn. Egitasmo honen VI. edizioa izan da aurtengoa, eta jende ugari bildu da: 360 ikasle-bertsolari gazte eta 1.000 entzule inguru.

Bi saio egin ziren, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Bertsozale Elkarteko Ander Lizarralde eta Alaia Martin bertsolariek aurkezpena egiteaz gain, eskoletako ikasle eta irakasleek egindako lana eta Udalaren diru-laguntza eskertu zituzten.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Fernando San Martin Euskara ordezkariak ere bertso banatan eskertu eta goratu zuten ikasle irundar gazte hauen lana, urtean zehar gogor egin dutena.

Lehenengo saioan Irungo El Pilar eta Ela-tzeta ikastetxeetako 5. eta 6. mailakoek hartu zuten parte. Saio hasieran, Euskara ordezkaria den Fernando San Martinek bertsotan eman zien ongietorria, bai eta eskerrak ere hara hurbildutako guztiei. Amaieran, berriz, Ander Lizarraldek, ikasleekin zuzenean lanean aritu den bertsolari oiartzuarrak, saio ederra egin zuen, ikasle eta pubikoaren gozamenerako.

Bigarrenean, aldiz, Dunboa, Belaskoenea eta Eguzkitzako 4., 5. eta 6. mailakoek azaldu zuten ikasturtean egindakoa. Jaialdi hartan, saioaren hasieran bertsotan aritu ziren alkatea eta Euskara ordezkaria. Saioa amaitzeko, Alaia Martin eta Ander Lizarralde ederki aritu ziren bertsotan, ikasleei eskainitako saio berezian.

Lehen Hezkuntzako ikasle hauek Gipuzkoako Bertsozale elkarteko Ander Lizarralde eta Alaia Martinen gidaritzapean aritu dira, ikastetxe bakoitzeko irakasle eta tutoreen laguntzarekin. Ikasleek, aldiz, landutako bertsoak kantatu zituzten taldeka eta, gaiaren arabera, janzkera ere moldatu zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude