Koadrilen Eguna bai, baina formatu desberdinarekin

Argazkia: Betti Gotti

Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea San Pedro eta San Martzial jaien inguruan Koadrilen Eguna antolatzeko asmoa duela iragarri du, hori bai, formatu ezberdin batean. Aurkeztutako ekintzen programa udalaren eta pandemiak eragindako alarma egoerako segurtasun neurrietara egokitu dute antolatzaileek. Horrela, ekainaren 27rako prestatutako ekintzak egoerara moldatu eta urte amaieran aldera, azaroan, osasun krisialdiaren bilakaera egokia bada Koadrilen egun berezia antolatuko dute.

Irungo Koadrilen egunaren lehen zatia ekainaren 27an ospatuko dute, Koadrilen egunaren 12. edizioa egitekoa zen egun berean. Betti Gotti elkarteko kideek adierazi dutenez aforo murriztua eta segurtasun neurri guztien betekizuna bermatzea ezinezkoa da Koadrilen egunak mugitu ohi dituen pertsona kopuruekin. Izan ere, Ficobako bazkarian 1.700 pertsona elkartzen dira, 3.400 inguru bazkari osteko dantzaldian eta itzulerako kalejiran 3.500. Hortaz gain, gosari herrikoia, Olinpiadak, txaranga zein trikitilarien giroa eta eguerdiko pintxo poteoa bateraezinak dira pandemia egoerak ezarritako murriztapenekin. Betti Gottiko kideek azaldu dutenez, “Udalak kale animazio guztiak bertan behera utzi ditu”.

“Koadrilen egun hau Irungo jende guztiarentzat pentsatua dago”, adierazi dute euskara kultur elkarteko kideek. Ekintzak egokitu eta udal baimena jaso ostean, 2020. urteko ekainaren 27an ez da Ficoban Herri Bazkaririk antolatuko, baina, elkarteak bazkarian banatu ohi diren zapiak banatzeko irtenbidea topatu du. Lila koloreko zapiak hiriko denda txikietan jaso ahalko dira eta elkartetik ekainaren 27 eta 28an egun osoan zehar hiritarrek zapiak janzteko gonbidapena luzatu dute. Bestetik, gainontzeko egunetan zehar etxeko leiho eta balkoietan jarri eta zapiekin ateratako argazkiak sare sozialetan partekatzeko deia egin dute.

Ekainaren 27an Irungo Txistulari bandaren dianarekin hasiko dela jakinarazi dute Betti Gotti elkartetik. Koadrilen Olinpiadak, berriz, goizeko 10:00etan hasiko dira eta 6 pertsonez osatutako taldeek parte hartu ahalko dute bertan. Partaideak haien etxeetan prest egon beharko dira ordu horretan mugikorrak ondo kargaturik eta San Juan plazan egongo den antolakuntzak bidaliko dizkien jarraibideak banaka edo binaka jarraitzeko prest. Hiriko denda txikiak protagonistak izango dira 2020. urteko koadrilen olinpiadetan eta ekintza guztiak elkartearen sare sozialen bitartez partekatuko dira.

Ficoban Herri Bazkaririk antolatu ez arren, bazkariari hasiera eman ohi dion “globotxupinazoa” ez da faltako. Hiritar guztiei dauden lekuan daudela puxika piztu eta eguerdiko 14:00etan atzera kontaketa egin eta partaide guztiek batera puxika lehertzeko gonbita egin diete. Horrela, une hau zein bazkariko argazkiak eta bideoak elkartearekin partekatzeko deia luzatu dute Betti Gottiko kideek. Urtero Herri Bazkarian parte hartu ohi duten taldeen emanaldiak sareetan zintzilikatuko dira.

Argazkia: Betti Gotti

Bigarren zatia azaroan
Koadrilen egunaren bigarren zatia Azarorako antolatzeko asmoa du Betti Gotti elkarteak zinemaldi formatuan, hau da, Alfonbra gorria, fotocall, bazkaria, Bi finalisten proiekzioa eta dantzaldiarekin. Film labur txapelketan 8 pertsonez osatutako koadrilek izena eman ahalko dute ekainaren 15etik irailaren 30era arte. Film laburrek gehienez 20 minutukoak izango dira, euskaraz edo mutuak. Gaia librea izango da, baina, istorio guztiek irakaspen bat izan beharko dute. Lehiaketak lehen hiru sailkatuek 2.000, 1.000 eta 500 eurotako sariak jasoko dituzte.

Udazkenean emango du Betti Gotti elkarteak azaroko Koadrilen egunaren barnean antolatuko diren ekintzen berri. Posible izatekotan elkarteak Ficoban antolatu nahiko luke azaroko Koadrilen eguna eta, bestela, momentuko egoerari egokitutako film labur txapelketa burutuko litzateke. Horrela, Koadrila egunean film labur lehiaketako bi finalisten proiekzioa egitea da asmoa, sari banaketa, dantzaldia eta bazkari herrikoiarekin batera.

Sareen bitarteko parte-hartzea
Betti Gotti elkarteko kideek adierazi dutenez, aurten inoiz baino gehiago jendeak antolatutako ekintzetan sare sozialen bitartez parte-hartzea beharrezkoa izango da, sareen bitartez haien argazki eta bideoak partekatuz. “Zapia ikus dadila eta giroa mantentzen dugula erakustea eskatzen degu”, adierazi dute elkarteko kideek. Hortaz gain, jendeak pandemia egoerari begira zentzuz jokatzea eskatu dute eta atzerapausorik gerta ez dadin, segurtasun arauak errespetatzeko deia egin dute elkartetik.

Argazkia: Betti Gotti

Betti Gotti elkarteko kideak
Elkarteak antolatutako ekitaldi guztien inguruko informazioa Betti Gottiren webgunean eta elkartearen sare sozialetan kontsultatu ahalko da. Bestetik, antolatzaileek gogoratu dutenez, aurkeztutako ekimen guztiak aurrera ateratzeko jende askoren laguntza beharrezkoa da, beraz, inor boluntarioki laguntzeko prest egongo balitz, bettigotti@hotmail.com helbidearen bitartez jar daiteke elkarteko kideekin harremanetan. “Hemendik Irungo gazte guztiak egun zoragarria pasatzera animatzen ditugu”, gaineratu dute elkarteko kideek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude