Lanbroa talde irundarraren kontzertua

Ekainaren 27an, larunbatean, Lanbroa talde irundarrak kontzertua eskainiko du 2020ko San Pedro eta San Martzial jaien egitarauaren barnean. Musika talde irundarrak kontzertua grabatu zuen Amaia Kultur Zentroan eta gaueko 22:00etatik aurrera Irungo Udalaren YouTubeko kanalean zein Teledonostin ikusi ahalko da.

Ekintza hau egun hauetan zehar era telematikoan garatuko diren beste musika eta ekintza kulturalen artean kokatzen da. Covid-19aren harira Urdanibia plazan egin ohi diren jaietako kontzertuak bertan behera gelditu ondoren, Lanbroa taldeak kontzertua “online” eskaintzeko aukera eskuratu zuen. Izan ere, Kultura arlotik azaldu dutenez, Lanbroa taldea irundarrek festetako kontzertu nagusien aurretik emanaldia eskaintzeko parte hartze irekiko prozesuaren bitartez aukeratu zuten talde irundarretako bat da. Aurrez aurreko kontzertuak bertan behera gelditu behar zirela jakinarazi zenean, jaietan jotzeko aukeratuak izan ziren hiru taldeei udalak kontzertua grabatu, partekatu eta emanaldiarengatik ordaintzeko aukera eskaini zien, baina, arrazoi ezberdinengatik Lanbroa izan zen udalaren eskaintza onartu zuen talde bakarra. Dena dela, hiru talde irundarrak 2021. urteko jaietako kontzertuen aukeraketara aurkeztea baimenduko da, nahiz eta normalean aurreko urteetan emanaldia eskaintzen duten taldeek hurrengo urtean berriro aurkeztea ezinezkoa den.

Lanbroa taldeak disko berria kaleratu du eta Amaia Kultur Zentroan grabatutako emanaldian “Horma gabeko kartzela” abestia erakutsi dute, konfinamenduan zehar idatzitako abestia. Taldea osatzen duten musikariak Xabier Dols (bateria, perkusioa eta abeslari laguntzailea), Eneko Lekuona (gitarra akustikoa), Karlos Zubikoa ( kontrabaxua), Mikel Goñi (gitarra elektrikoa) eta Elena Artía (abeslari nagusia) dira. Lanbroa taldea 2017. urtearen amaieran sortu zen. Batez ere formatu akustikoan lan egiten duen taldea da, beti ere, euskara haien ardatza delarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude